Galerna dator Segura aldetik
Iker Francisco, Sahatsa Izagirre eta Manex Rivela segurarrek Galerna musika taldea eratu dute. Bertsioez gain, abesti propioak sortu dituzte. Seguran egingo dute aurkezpen kontzertua.
Segurako hiru gaztek Galerna musika taldea sortu berri dute. Manex Rivelak (Segura, 2007), Sahatsa Izagirrek (Segura, 2001) eta Iker Franciscok (Segura, 2001) osatzen dute hirukotea, eta abesti propioak zein bertsioak jotzen dituzte. Iazko uztail inguruan hasi ziren proiektua eraikitzen, eta Seguran izango dute aurkezpen kontzertua «aurki».
Bateria jotzen du Rivelak, baxua Izagirrek, eta Franciscok gitarra jo eta abestu egiten du. Bakoitzak bere aldetik jo izan badu ere, hirurek elkarrekin sortzen duten lehenengo proiektua da: «Segurako Udalak eskatuta nik kontzertu bat eman nuen eta horren harira proposatu nien Manexi eta Sahatsari taldea eratzea», azaldu du Iker Franciscok. Sahatsa Izagirrerentzat erronka moduko bat izan da, baxua jotzen duen aurreneko aldia baita: «Taldea osatzeko ikasi dut; Iker aurretik ezagutzen nuen eta honetarako elkartu gara berriro».
Popa eta rocka uztartzen dituzte, baina estilo zehatzik ez du taldeak: «Zaila egiten zaigu estilo batean kokatzea; abestien ezaugarri bat da momenturen batean energetikoagoak direla, eta bertsio rockeroagoak sartzen saiatu gara». Sortutako abestietan faltan sumatzen dutena bertsioekin osatzen saiatu dira: «Guri gustatzen zaizkigunak, baina jendeak ezagutzen dituenak, giroa sortzeko», azaldu du Rivela bateri jotzaileak.
Sormen lana
Franciscok sortzen ditu abestiak, eta gainontzeko sormen lana hiruren artean banatzen dute, abesti horretan oinarrituta intrumentu bakoitzaren egokitzapenak eginez. Seguran sortutako taldea bada ere, Galerna izena jarri diote: «Izen bat behar genuen, proposamen batzuk egin genituen eta hori denori gustatu zitzaigulako aukeratu genuen, besterik gabe».
Lehen kontzertua
Astean bitan elkartu ohi dira entseatzeko, lauzpabost orduz, ostiral arratsaldetan eta igande goizetan, Segurako kultur etxean. Musika eskolak utzitako gelak erabiltzen dituzte horretarako: «Eskerrak eman musika eskolari horregatik, erantzukizun hori gure gain uzteko erabakia hartzeagatik». Pandemia egoera dela eta kontzertuak lortzea «zaila» dela agertu dute, eta gogotsu agertu dira haien lana plazaratzeko: «Herrian dagoeneko ezagutzen gaituztenez, bertan kontzertua egiteko aukera eman digute».
Oraindik lehenengo kontzertuko data zehatzik ez dute zabaldu, baina laster jakinaraziko dute. Herrikideen aurrean izango da, Seguran bertan.