Sentimendua berpiztu nahian
Altamira auzoko historia biltzen duten argazkiekin murala osatu du Julen Iraola ordiziarrak. Matxain ileapaindegi zaharrean dago ikusgai eta auzoaren aldaketa ikusaraztea da helburua.
Ordiziako Altamira auzoaren lehena eta oraina biltzen dituen argazkiekin murala ondu du Julen Iraola ordiziarrak. Zumalakarregi kalean, Klari Matxainen ileapaindegia zegoen lokalean dago ikusgai. «Duela urtebete hasi nintzen argazkiak biltzen, auzotarren laguntzarekin», kontatu du Iraolak berak, eta Matxainen iloba denak. Aspaldi itxi zuten ileapaindegia, «erretiroa hartu zuelako izebak».
Harrezkero, itxita egon da. Berdin gertatu da, ondo-ondoan zegoen Altamira taberna mitikoarekin, hura ere, Iraolaren sendiarena: «Nire aiton-amonak ziren tabernakoak, Silvestre Matxain eta Aurora Bengoetxea, eta taberna itxi zutenetik, hala egon da, itxita!».
Baina ez dira Altamira auzoko kasu bakarrak, «auzoa gainbeheran etorri da, auzotarren erosketak egiteko eta sozializatzeko ohiturak, aldatuz joan dira, eta horrek, eragin zuzen-zuzena izan du Altamira auzoaren kaleetan».
Auzoarekiko lotura
1960ko hamarkada eta 1970eko hamarkadaren artean etorri zen Altamira auzoaren eraldaketa. Ordura arte, landa eremua zen, eta langile klaseko auzoa bilakatu zen ondoren. «Auzo bizi-bizia izan da, merkataritza establezimendu ugari zegoen, supermerkatu txiki bat ere bazegoen, besteak beste, garai bateko festak ere aipagarriak dira, adin batetik aurrerako auzotar guztiek oroitzen dituzte, giro ezinhobea sortzen zen, jendeak bazuen auzoarekiko lotura bat, sentimendu bat, sentimendu komunitario bat,… Ondoren festak galdu egin ziren, eta duela urte gutxi batzuk, festak berreskuratzeko ahalegina egin da, nahiz eta ez den lehen bezala».
Helburu bikoitza
Helburu bikoitza du Iraolak: «Auzoa berpiztea da helburuetako bat, auzoaren historia biltzen duen argazkiekin, barrenak mugitu nahi ditut, nahiko nukeelako jendea konturatzea nolako auzoa izan dugun eta nolakoa den orain, gure eskuetan ere badagoelako gauzak aldatzea, eta bide batez, lokala hutsik dagoenez, lokala alokatzeko deia ere bada hau». Hala, Zumalakarregi kalean kokatuta dagoen erakusleihora bisita egiteko deia egin du.