Udalbiltzaren sormen bekarekin bi proiektu garatuko dituzte Goierrin
Zaldibian egonaldia egingo du Peru Calabaza idazle iruindarrak. Maialen Akizu urretxuarra Erriberara joango da, idaztera. 26 sortzailek jaso dute beka, hiru artetan
Bi modutara parte hartuko du Goierrik Udalbiltzaren Geuretik sortuak euskarazko sorkuntzaren sustapen bekan. Batetik, kanpoko idazle batek Zaldibian egonaldia egin ahalko du, udala delako proiektuko partaide den neurrian, hark lagunduta. Bestetik, sortzaile goierritar bat, Maialen Akizu urretxuarra, aukeratu du epaimahaiak aurkeztutako proposamena garatzeko. Nafarroako Erriberan idazteko egonaldia egingo du.
Udalbiltzak herenegun jakinarazi zituen zein 26 sortzailek jasoko duten beka. Iaz zabaldutako deialdira proposamena aurkeztu zuten 70 lagunetako bat da Maialen Akizu. «Pozik eta oso gustura» jaso du aukeratutako bat bera den albistea. «Herri txikiak edo despopulatuak biziberritu nahian ari da Udalbiltza, eta proiektua ikaragarri gustatu zitzaidan», azaldu du.
Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla herrietan (Nafarroa) hiru asteko egonaldia egin ahalko du Akizuk, aurkeztutako proiektua ontzen. Ideia «nahiko azkar» bururatu zitzaiola aitortu du: «Plazan mahaia eta idazmakina jarriko dut, eta aitorleku bezala imajinatzen dut: parean aulkia, eta plazan egongo naizen denbora horretan, hor sortutakoak eta herritarrek kontatu nahi dizkidatenak bilduko ditut. Gero, hortik, hari bakarrari edo istorio gehiagori tira eginda, fikzionatuko dut kontakizun bat», aurreratu du Akizuk.
Plaza izango da ardatz; leku, garai eta jende-mota desberdinetan hartzen dituen esanahiak aurkitu nahian. «Plaza aitzakia izatea nahi dut, belaunaldi ezberdinen arteko oroitzapenak berreskuratzeko».
Bekako egonaldia hiru astekoa da. Maiatzean astebete edo bi igaro nahi du Akizuk Erriberan. «Han jasotakoekin etxera etorri, forma bat edo lehenengo irudi handi bat hartu, eta hirugarren astean jada kokatuago joan nahi dut, jada bukatzera». Ipuin modura argitaratuko dute gero. «Han jarri, eta ahalik eta gehien xurgatzeko asmoa daukat. Hura ere Euskal Herria da, sarri ahazten zaigun arren. Errigoraren ekimenean ere oso sartuta dabiltza, eta euskara hauspotzeko modua izatea nahi dute».
Peru Calabaza, Zaldibiara
Kontrako bidaia egingo du Larrabetzun (Bizkaia) bizi den Peru Calabaza idazle iruindarrak. Zaldibiara etorriko da Geuretik sortuak bekarekin, eta eleberri txiki bat idatziko du han.
Hutsik dagoen etxebizitza-pisu bat utziko dio Zaldibiako Udalak. «Bere asmoa, printzipioz, maiatz bukaeran astebete inguruko egonaldia egitea da; lekua ezagutu, jendearekin hartu-emanak egin eta lehenengo oinarria egiteko. Bere herrira itzuli eta han jarraituko du lantzen, eta gero beste bi asterako etorriko da, ekain bukaeran edo uztail hasieran», azaldu du Eztitxu Mujika alkateak.
Herri baten historia kontatu nahi du, baina ez betiko parametroetatik: «Zaldibiako samurtasunaren historia» idatzi nahi du Calabazak. Herritarrekin elkarrizketak egin, hainbat gertakizun jaso, eta asmaturiko pertsonaien ahotik kontatuko ditu.