Enirio-Igaratza pistaren auzia ere behin-behinean artxibatu du Tolosako epaitegiak
Eguzki eta Landarlan elkarte ekologisten salaketak ez du aurrera egin, baina errekurtsoa jartzeko aukera dute. Aralarren gertatutako sutea salatu dute ekologistek
Aralarren Enirio eta Igaratzako borden arteko bidea ibilgailu motordunentzat egokitzeko lanei dagokienez, Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak, Eguzkik eta Landarlanek ipinitako salaketa behin-behinean artxibatu du.
Epaitegi berak Aralar mendilerroan Intzesaotik Saltarrirako pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa artxibatzeko agindua eman eta hogei egunera jakin da ebazpen judizial berria. Bi kasuetan Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek jarri zituzten salaketak.
Aldundiak azaldu duenez, «irizpen judizialaren arabera, proiektua onartzeko prozedura indarrean dagoen legeriara egokitu zen, eta hori beti egin zen ingurumena zaintzeko plan batekin batera».
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azpimarratuduenez, «uneoro hartu diren erabaki guztiak Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa hobetzeko eta abeltzaintza eta artzaintza jarduerak mantendu eta sendotzeko beharrak bideratu ditu», eta «batzuek justiziaz egin nahi duten erabilera politikoa» kritikatu du.
Egoera berri horren aurrean, Landarlan eta Eguzki elkarteak autoa aztertzen ari dira. Dena den, behin baino gehiagotan adierazi duten bezala, «gureak bezalako elkarteen zeregin nagusietako bat da, ingurumen-legedia betetzen dela egiaztatzea, eta hala ez bada, naturaren ahotsa izaten saiatzea».
Salaketa, suteagatik
Horregatik, beste salaketa bat jarri dute Ingurumen Fiskaltzan, Aralarko azken sutea dela eta. Martxoaren 31n, sute bat izan zen Aralarren, Arritzaga bailaran, Buruntzuntzin eta Uakorri artean. «Gure informazio-iturrien arabera, zazpi hektarea inguru nahita erre edo suntsitu dira, gehienak oteak okupatutako habitat naturalak, eta baita albitzak ere, eta bi horiek, Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatuta daude indarrean dagoen araudian, eta haien suntsipenak, lur, ur, flora eta faunari eragiten diete».
Eremu hori Enirio-Aralarko Mankomunitatearena da eta Aralarko Parke Naturalaren eta KBEren parte da, Natura 2000 Sareak babesten baitu. Ekologistek jakinarazi dutenez, «larrialdi klimatiko betea izanda eta baita, biodibertsitatearen mundu-krisi larria ere, sutea ikertu dadin, salaketa» ipini dute.
Eguzki eta Landarlanen ustez, sutearen jatorria ikertu behar da. «Behar bezala kontrolatu gabeko erreketaren ondorio izatea posible delako, zuhurtzigabekeria handi batek sortutako arrisku egoera larria suposatuko lukeena». Beste aukera bat ere ikusten dute: «Baso-sutearen ondorioekin onura ekonomikoa lortzeko, udaberriaren hasieran ganaduarentzako larre hobea lortzeko asmoz».
Bi kasu horietako edozeinetan, «argi geratzen da suteak, mendi-azalera handiak erretzeak kalte larriak eragiten dizkiola natur inguruneari, biodibertsitateari, eta, gainera, kostu ekonomiko handia eragiten duela».
Bukatzeko, sutea dela eta Diputazioak eta Mankomunitateak adierazpenik egin ez izanak «harrituta» dauzka bi elkarte ekologistetako kideak.