Helduen Hezkuntzako irakasleek eurak ere txertatzeko eskatu dute
«Baztertuta» sentitzen dira. Eusko Jaurlaritzak txertaketatik kanpo utzi zituen adinez nagusi diren ikasleekin egiten dutelako lan. Eskariari entzungor egin diotela salatu dute
«Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gainerako irakasleek txertoa jasotzeko aukera izan dute. Guri ez digute aukera hori eman. Zergatik?», galdegin dute Helduen Hezkuntzako irakasleek. Oraindik ez dute txerto bakar bat ere jaso, Eusko Jaurlaritzak txertaketa planetik kanpo utzi zituelako. «Baztertuta» sentitzen dira. Adinez nagusiak diren ikasleekin lan egiten dutenez, jende «arduratsuarekin» dabiltzala arrazoitu zuen Jaurlaritzak. Irakasleek ez dute erabakia ulertzen, eta kutsatzeko arriskua gainerako irakasleena bezalakoa dela diote.
«Ahal duguna egiten ari gara», azaldu du Valentin Fernandez Beasaingo Helduen Hezkuntzako irakasleak. Goierriko eskolako gelak txikiak dira, eta batzuk ez dute aireztapen naturalik. Korridoreetara ematen duten leihatila eta atea irekita ematen dituzte klaseak; txandakatuta eta beti toki berean esertzen dira ikasleak, baina elkarren artean une oro bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa da. Are gutxiago irakaslearen kasuan; materiala elkarbanatu beste erremediorik ez dute. Garbiketa lanak, ondorioz, etengabeak dira eta gela guztietan daude gel hidroalkoholikoak; herri askotako jendea nahasten da; eta kasu askotan, ikasleak eskolatik kanpo are babesgabeago daude: beharrak eraginda, tabernaz taberna saltzen ibiltzen dira; etxea askoren artean partekatzen dute; eta ez dute maskara nahikorik egunero garbia janzteko. Eskolan banatzen dizkiete.
«Gainerako eskoletako egoera bera dugu. Aukera berberak izatea eskatzen dugu. Besterik ez», diote. Eusko Jaurlaritzari egin diote eskaria, baina ez dute erantzunik jaso. Ikasturtea amaitu baino lehen txertatuak izateko esperantzarik ez dute. «Lehenago jasoko dugu adinagatik lanbideagatik baino», diote. Irakasleen artean gehiengoak 55 urte baino gehiago ditu. Hamaika dira denera; ikasleak 300 bat dira, hemezortzi urteko gazteetatik erretiratuetara arte. Zaharrenek lehen dosia hartu dutela aipatu dute, baina gutxiengoa direla.
Irakasleen eta ikasleen artean gaixotutakoak izan dira. Ikasle batek bizia ere galdu du. Kutsatzeko beldurrez ikasle batzuk klaseetara joateari utzi diote, helduenek bereziki. Halere, matrikula kopuruak mantendu egin dira aurtengo ikasturtean. Egoerara egokitu direla dio Fernandezek, eta programazioa betetzen ari direla.
Egoera orokorra
Eskaria ez dute soilik Goierriko helduen eskolako irakasleek egin. Gipuzkoako gainerako helduen eskolek ere babestu dute, tartean Zumarragakoak. «Beste hainbatetan ere Hezkuntza sistemaren barruan gutxietsita sentiarazi gaitu Hezkuntza Sailak; baina, gu ere Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak garela gogorarazi eta gure kideko beste irakasleei eman dien tratu berbera exijitu nahi diogu», diote Jaurlaritzari bidali dioten eskutitzean. Musika eskoletako, hizkuntza eskoletako eta unibertsitateko irakasleek ere bat egin dute eskariarekin.