Lurrak ura behar du, feriak jendea
Produktu berri asko izan dira Ordiziako azokan, apirila agurtzeko: tipulin gorria, aza lisoa, baratxuri buruak, errefaua, ahuntz esnea eta jogurta. Mikologia atalean gero eta aukera handiagoa dago: onddoak, zizak, ziza horiak...
Apirilak euri fama badu ere, aurten ez da horrelakorik gertatu. AApirileko lehortea harri erauntsiaren hurrengoa» irakur genezake Gotzon Garateren bilduman. Aurten horrek ekarri dezakeen kalteez hizketan sumatu dugu bat baino gehiago: «Belarrik ez, ganadua dugunontzat hori gakoa da», «perretxiko urte txarra izango da», baratzak ura behar duenekoa aho batez diote, egun hauetan egindakoa ondo etorri bada ere, gutxi izan da.
Dena dela, barazki berri dezente ekarri duzte, lehen tipulin gorria (2 euroan sorta) Itsasoko Maria Jesusek aza lisoarekin (2 euroan burua) batera; lehen errefauak ere bai Arantxa Zurutuza (1 euroan sorta) aramarrak, ez ohiko barazkia da hau, azenarioaren neurri eta formakoa eta errefautxoen more kolorekoa, deigarria egiten da. Aldaba zaharreko produktuen mahaira hurbilduta baratxuri buru berriak, hemengoei buru handia egitea zaila da baina ia borobil polita dute 1,5 euroan sorta salgai. Mahai berean Diana Matarranzek ahuntz esnea zuen, denboraldiko lehen litroak atzo (3,5 euroan litroa), jogurtak ere bai 3,8 euroan 720gr. ko ontzia; datorren astean ahuntz gazta berria izango dutela iragarri zigun.
Caparrosotik ekarri ohi duten zainzuria atzo ez zen. «Euria ari duenean ezin izaten da bildu, dena lokaztu eta hondatu egiten da», esan zuen Asier Iribarrenek: «Hemen hauek eta orburuak dira estimazio handiena duten produktuak».
Mikologia atalean Basoakoak berriz etortzen hasi dira. Onddo (18-30 euroan kiloa) eta zizekin (25-55 euroan kiloa), iaz bezala Jakes etxearen parean dute postua. Lasaren postuan, udaletxe aurrean, onddo eta zizaz gain, zizahoriak (25 euroan kiloa) eta lehen marasmio jangarria (senderuela, marasmius oreades) ere bai (20 euroan kiloa).
Azkenik, ondo bidean, datorren asteazkenean izango da aurtengo ardi gazta berria ebakitzeko ekitaldia Oiangun.