Ostatuko ganbara aterpe modura egokituko du udalak Gabirian
Eraikinaren eraberrikuntzaren azkeneko faseari helduko diote aurten. Teilatupeko solairuan literak jarriko dituzte. Udalak 779.000 euroko aurrekontua du 2021erako
Gabiriako Ostatua eraberritzeko proiektuan azkeneko ekinaldiari aurten helduko dio udalak. Udal aurrekontua martxoaren 10eko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, 779.875 eurokoa. Inbertsioen ataletik, 95.000 euro bideratuko ditu Ostatuzahar etxeko ganbara aterpe modura egokitzeko.
Ikastetxeentzat edo taldeentzat lolekua jarri nahi du udalak, teilatupeko solairua birmoldatuta. Horretarako, batetik teilatuaren egitura bera aldatuko dute, hiru isuritik bi isurira jarrita, orain duen txaflana kendu eta atzeraino luzatuta. Ostatuari atzealdean eraiki dioten igogailua goraino iritsiko da orduan, eraikin osoa irisgarri bihurtuta.
«Ganbaran aterpea egokitzea da asmoa. Ostalariek ere ongi ikusi dute, aste barruko lana suspertzeko balioko duelako. Inguruko herrietan ere aterpe eskaintzarik ez dago ia gaur egun, garai batean asko ziren arren. Ikastetxeekin eta taldeekin lan egiteko eskaintza jarri nahi da, literak jarrita. Lanpostu bat sortzeko modua ere badago, herrian gida bezala jardungo lukeena», azaldu du Oier Oiarbide alkateak.
Horrez gain, lehenengo solairuan hotela edo logelak egokitzeko azpiegitura «ia gehiena» prest dago. «Gelak prestatuta daude. Arazoa komunekin dago, solairu guztian bakarra dagoelako eta elkarbanatua izan beharko lukeelako».
Aurreko obra-faseetan, irisgarritasuna eta sarrerak hobetzeko lanak egin ditu udalak Ostatuan: hotelerako sarbide independentea izango litzatekeen sarrera ireki atzean, eskola-umeen jantokira lokal bereiztu bat eraiki, eta igogailua etxearen maila guztietaraino eraiki.
Alkaintxikiko proiektua
Alkaintxiki baserria eta aurreko lurzorua iaz erosi zituen udalak, eta etxe adosatuak eraikitzeko proiektua garatu nahi dute han, herriko gazteentzat etxebizitzak eskaintzeko. Oinarrizko plangintzaren arabera, bi solairukoak, bakoitza 72 metro koadroko azaleraduna, garajearekin eta lorategiarekin izango lirateke. Lurzoru eta guzti, etxearen prezioa 160.000 euroren inguruan ateratzea da nahia.
«Lehen bilerak egin dira herriko gazteekin, udalaren nahia herritarrak bertan geratzea baita. Interes bat lau-sei lagunek azaldu dute», dio alkateak. Erosketaren kostua guztira 222.000 eurokoa izan da udalarentzat.
Herribideak konpontzeko zerrendan, 2021ean Agerreko Askatik Katarain baserrira doanak izango du lehentasuna, 55.000 euroko diru hornikuntzarekin. Aranburu barrenetik meategietarako bide-adarraren zorua sendotzea ere aurreikusi dute. Herriko errepideen egoeraz ere kezka agertu du alkateak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari zenbait lan egiteko eskatu dio udalak. Eskolako leihoak berritzeko 29.000 euro bereizi dituzte, eta udal bulegoen zati bat egokitzeko 18.000. Eguzki plaken bidez, energia berriztagarri proiektu bat aztertzen ere ari dira. Udaletxeko, kultur etxeko eta eskolako energia beharrak bertan sortuarekin asetzea da asmoa. Inbertsioa 40.000 eurokoa litzateke.