«Azken 80 kilometroak Youtuben erretransmitituko dira, zuzenean»
Iaz ezin izan zen antolatu, baina aurten maiatzaren 1eko Klasikoa itzuli da Legazpira, Telleriarteko Txirrindulari elkarteko kideen kemenari esker. Dena prest dago biharko.
Aurten jokatuko da Klasikoa.
Iaz maiatzean zen egitekoa, baina irailera atzeratu behar izan genuen, eta haren ordez lasterketa birtuala egin genuen. Irailekoa azkenean ere ez zen egin. Baina aurten bai, egingo dugu, aldaketa ugarirekin, Covidak eskatutako baldintzei egokituta, eta udalaren babesarekin.
Partaidetza txikiagoa izango du aurtengo lasterketak.
Guztira 25 taldek parte hartuko dute, bakoitzak zazpi txirrindularirekin. Zortzi talde euskaldunak dira, Gipuzkoako Eibar Enegia, Grupo Eulen eta Laboral Kutxa tartean. Beti bezala, 15 talde iazko ranking-ak zehazten ditu, bost Espainiko Kopak hautatutakoak dira, eta beste bostak antolatzaileok gonbidatutakoak.
Espainiko Koparako puntuagarria da berriz ere.
Bai, eta horregatik datoz Espainiako txirrindulari afizionatu onenak, gero profesionaletara salto egiten dutenak asko. Kopan 11 lasterketa daude, eta Klasikoak hamargarrena izan behar zuen, baina Covidaren ondorioz batzuk atzeratu egin dira. Marc Brustenga dago lider Kopan, eta Alejandro Serrano 23 urtez azpikoetan; biak Caja Rural talde nafarrekoak dira.
Eta goierritarrak?
Legazpi bertakoa da bat, Mikel Mujika, 23 urtez azpiko mailako azken urtean dabilena eta Caja Ruralekoa hori ere. Duela hiru urte podiuma egin zuen, eta danok negarrez utzi gintuen, emozionatuta. Gipuzkoako eta Euskal Herriko lehena izan zen 2018ko lasterketan, eta 2019an ere podiumera igo genuen, lehen legazpiar bezela. Ea aurten!
Ingurukoak ere badira gehiago.
Aukera handiak dituzte etortzeko Urretxuko Xabier Isasak (Laboral Kutxa), Alex Diazek (Baque) eta Mikel Tenak (Rias Baixas), Olaberriko Xabier Berasa- tegik (Laboral Kutxa) eta Itsasondoko Aitor Garmendiak (Telco).
Lehen aldaketak aipatu dituzu. Zeintzuk dira nabarmenenak?
Klasikoa herritik atera nahi izan dugu, jende pilaketak saihesteko, eta lasterketaren hasieran, taldeak Papelerako aparkalekuan elkartuko dira. Txirrindulariei, taldeetako zuzendari eta teknikari eta boluntario guztiei tenperatura kontrolatuko zaie, eta higiene neurriak zorrotz beteko ditugu. Ez dugu Covid gehiago ekarri nahi Legazpira!
Horregatik atera duzue herritik kanpo lasterketa?
Hala da, lasterketa ez da kale erditik igaroko, saihesbidetik baizik, eta helmuga Kale Nagusitik San Ignazio auzoko aldapara eraman dugu. Sari banaketa Aitxuri jatetxearen aurrean egingo da. Zaletuei ez bata eta ez bestera ez joateko eskatzen diegu, ezta bide bazterretara ere, eta joateko asmoa dutenei, beti maskara jarrita eta distantziak mantendu behar dutela gogoratzen diegu.
Baina lasterketa ikusteko beste modu bat izango da.
Bai, azken 80 kilometroak Youtuben erretransmitituko dira, streming-ean, hau da, zuzenean, https://youtu.be/St6neLEXfy8 loturan. Telebistan, ordenagailuan edo telefonoan ikusi ahal izango da.
Ibilbidea ere aldatu duzue.
Bai. Guztira 146 kilometro izango ditu, eta tartean hamaika mendate, Abrahan Olanoren hamaika tontorreko zikloturista birak bezala. Azkarate igoko dute lehenik, Aztiri hiru aldiz, Lierni beste hirutan, Eitza bitan… eta ibilbidearen aldaketa hemendik aurrera dator, Legazpin, Azpikoetxetik sartuta, Kirtenberg edo Atagoitiko aldapa igoko dute. Handik Motxorrora jaitsi, Aztiri berriz igo, Zerain, Mutiloa, Lierni eta Ormaiztegi igaro eta gero, Gabiriara igo. Zeraingo meategietara joko dute gero, eta Aztiritik behera iritsiko dira helmugara. Aurreko edizioetan Deskargatik etortzen ziren, baina Aztiriko igoerak markatuko du aurten bukaera. Minatatik gorakoa oso gogorra da, bigarren mailako igoera, eta ez dakit denek bukatu ahal izango duten lasterketa.
Zenbat boluntario ariko da lanean bidegurutzeetan?
Bide bazterretan 110 boluntario egon daitezke, baina denak ez dira herrikoak. Proba pasatzen den herrietakoak ere izaten ditugu laguntzen, guk haiek antolatutako karrerak Legazpitik igarotzen direnean laguntzen dugun bezala.
Boluntarioen artean jende gaztea hurbiltzen hasi da, batez ere Goierri eskolako txirrindulari gazteak eta haien gurasoak. Herriko gazteak ere etorri zaizkigu, elkarteko zuzendaritzara batu den Iban Matxinandiarenaren eraginez bereziki.
Zeinek gehiagok osatzen du Telleriarteko Txirrindulari elkarteko zuzendaritza?
Enrike Bizkai da lehendakaria, eta ondoan Mikel Agirreburualde, Xabi Urtzelai, Juan Carlos Garcia, Asier Chaparro, Iban Matxinandiarena eta ni neu gaude.
Zein da elkartearen egoera?
Esan beharren gaude une zailak direla guretako, gure diru iturri nagusia zen garagardo azoka bi urtez bertan behera geratu delako. Baina eskerrak eman behar dizkiegu Klasikoa aurrera eramateko diruz lagundu diguten tabernei eta enpresei, eurentzako ere ez direlako momentu onak. Batzuk ezin izan dute aurten lagundu, baina haiei ere beste urteetako laguntza eskertu behar diegu.