Bizkargi Eguna 14 suzirirekin oroituko dute igandean Gabirian
Igandean gogoratuko dituzte Bizkargi mendian (Bizkaia) 1936ko gerrako batailetan bizia utzi zuten euskal gudariak. Gabiriako Udalak aurten ere bat egin du ekimenarekin, eta 1937ko maiatzean Bizkargin hil ziren sei gabiriarretatik hiruren ondorengoek aurkeztutako mozioa onartu du.

Hala, igandean udaletxeko ikurrina masta erdian jarriko dute hildako gudarien omenez, eta herritarrei etxeetan ere jartzeko eskatu diete. Horrez gain, eguerdiko 12:00etan 14 suziri botako ditu udalak, 1936ko gerran hildako 14 gudari gabiriarren ohoretan.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrari euskal memoria historikoaren lege propioaren «premia» adierazi, eta lehenbailehen egiteko eskatuko dio udalak. Jaurlaritzari, berriz, eusko gudarien inguruko unitate didaktiko bat sortzeko eta ikastetxeetan azaltzeko.
Duela 84 urte, honako gabiriarrak hil zituzten Bizkargi mendian, edo han zaurituta ospitalean gero: Luis Altzueta, Simon Altzueta, Joxe Apaolaza, Joxe Mari Gabiria, Jose Ramon Igartzabal eta Jesus Izagirre. Amaiur batailoi abertzalekoak ziren denak.