Igerilekua berritzeko obrak maiatzean amaitzea aurreikusi du udalak
Datorren igerileku denboraldirako prest izango da. Sakonera gutxiago eta haurrentzat egokitutako eremu berri bat izango du. Mugikortasun arazoak dituztenentzat igogailua jarriko dute
Herritarrek Ormaiztegiko udal igerileku irekiak erabiltzeko aukera izango dute udaran ondo bidean. Otsailean hasi ziren igerilekua berritzeko obrak egiten, eta maiatzean amaitzea aurreikusi du Udalak. Jon Enrique Galarza alkateak azaldu duenez, «aurreratuta» doaz lanak, eta ekainean, igerileku denboraldirako, erabilgarri izango da.
Erabat berrituko dute eremua, leku berean, igerilekuak zituen arazo teknikoak konpontzeko. Filtrazioak baitzituen aurreko putzuak. Batetik, sakonera kendu diote igerilekuari, eta horren bidez ura eta elektrizitatea aurreztuko dute. Bestetik, haurrentzako itxitako eremu berri bat jarriko dute, 30 eta 50 zentimetro inguruko edukierarekin. Eta azkenik, sarrera berriak eraikiko dituzte mugikortasun arazoak dituztenentzat. Horren harira, igogailu hidrauliko bat jarriko dute igerilekura sartu eta bertatik irteteko.
Galitec Desarrollos Tecnologicos enpresari esleitu diote igerilekua berritzeko lanak, eta guztira 229.779 euroko kontratua izan da. Ekainetik irailera bitartean izan ohi da igerileku denboraldia. Aurten ere aukera izango dute ormaiztegiarrek herrian bainua hartu eta igerilekuaz gozatzeko. Abonu kanpaina aurten, halere, «desberdina» izango dela jakinarazi du alkateak, tornoen eta txartelen bidezkoa izango baita igerilekurako sarrera. Egoerak ahalbidetzen badu maiatzaren 30etik ekainaren 11ra egin beharko dituzte abonuak igerileku berria erabili nahi dutenek.