Etxebizitzen alokairu merkatuari mekanismoak ezartzea onartu dute
Elkarrekin Ahal Dugu Ordiziak aurkeztutako mozioak erakunde guztiei eskatzen die, neurriak hartzea etxebizitza eskubidea bermatzeko. EH Bilduren babesa ere izan du
Etxebizitza eskuratzeko arazoaren aurrean, mozioa aurkeztu zuen Elkarrekin Ahal Dugu Ordiziak, iragan ostegunean Ordiziako udal ordezkariek egin zuten osoko bilkuran. Etxebizitzen alokairuen prezioaren espekulazioarekin amaitzeko pausoak ematea, norabide horretan doa mozioa; etxebizitza oinarrizko eta funtsezko giza eskubidea izanik, erakundeen esku hartze zuzena eskatu zuten, baita egiturazko erreformak egitea merkatua erregulatzeko ere. Mozioa onartua izan zen Elkarrekin Ahal Dugu Ordizia (2 bozka) eta EH Bilduren (7) botoekin. EAJk (7) abstentzioa, eta PSE-EEk (1) kontra bozkatu zuten.
Elkarrekin Ahal Dugu Ordiziaren proposamenak Espainiako Gobernuari eskatzen dio etxebizitzari buruzko estatuko lege bat onar dezala, autonomia-erkidegoen eta udalerrien eskumenen esparruan garatu ahal izateko, etxebizitzaren funtzio soziala blindatzeko eta Konstituzioaren 47. artikuluan jasotako etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea benetan betetzen eta errespetatzen dela ziurtatzeko. Baita, etxebizitzaren alokairu merkatua arautzeko legeak egitea, etxebizitzen alokairu kontratuen gehiegizko prezioak galaraziz, prezioak kontrolatzeko mekanismoen bidez eta prezioen jaitsierak sustatuz.
Etxebizitzen alokairuaren merkatuaren arautzean aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote, Estatuko Gobernuarekin koordinatuta, autonomiaren eskumenen erabileran eta Etxebizitzaren gaineko Euskal Legean aintzat hartzen den zuzenbidean oinarrituta, beharrezkoak diren legegintza eta arau mekanismoak garatu daitezen.
Alokairu sozial eta eskuragarriko etxebizitzen parke publikoa handitzeko eskaera ere egiten dio Eusko Jaurlaritzari, hutsik dauden etxebizitzak lagatzeko mekanismoak ezarriz. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiari neurri fiskal eraginkor eta efizienteak abian jartzeko eskatzen zaio.
Azkenik, tokiko gobernu taldeak, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, udalerriko etxebizitzen alokairu merkatua arautzeko mekanismoak antola ditzala.
Erreakzioak
EH Bilduk babesa eman zion mozioari. Adur Ezenarrok argudiatu zuen «oinarrizkoa eta justizia sozialekoa dela». Uste du «alokairuen merkatua erregulatu behar dela» eta «presazkoa» dela.
EAJko Bittor Bolinagak, abstentzioaren arrazoiak eman zituen. Batetik esan zuen «mozioa oso orokorra» dela, eta «absurdoa iruditzen zaigu Espainiako Gobernuari halako eskaera egitea». Mozioa onartuko luketela «Ordiziako egoera konkretura begirakoa bazen».
Bestalde, esan zuen «norbaitek egin badu etxebizitzaren inguruko lege bat, hori Eusko Jaurlaritza izan» dela. PSE-EEko Iñaki Dubreuilek esan zuen «zentzu horretan doan lege batean lanean» ari direla, «hain zuzen ere Espainiako Gobernuan, Podemosekin batera» eta uste du, «ez dela bidezkoa, norabide batean edo bestean ekiteko presioa egitea». Gaineratu zuen, «Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Lege aurreratuenetakoa bat duela: Etxebizitza alokairuan jarri dute; alokairurako laguntzak daude egoera zaurgarrian dauden kolektiboentzat; Ordizian adibidez, 40 etxebizitza daude eskuragarri Bizilagun programaren baitan; finantziazio kontzeptuko laguntzak;… udalari egindako eskaerari dagokionez, «ondo legokeela Bizilagun programarako etxebizitza gehiago izatea». «Uste dut orokorrean ildo egokian lan egiten ari dela» eta prezioa baino gehiago, Ordiziaren kasuan «etxebizitzen eskaintza eskasia da arazoa».