Gipuzkoako txapelketaren azken fasea jokatuko du Ormaiztegiko eskubaloi taldeak
Finaleko lehenengo jardunaldia maiatzaren 16an izango da, eta partidu bat falta bazaie ere, 2. postua ziurtatuta dute. Ordiziako taldea ere sartuko da fase finalean Soraluzeri irabaziz gero
Ormaiztegiko Kirol Elkarteko eskubaloi talde nagusiak Gipuzkoako lurraldeko txapelketako fase finalaren lehen jardunaldia jokatuko du maiatzaren 16an. Sei taldetako bi multzotan dago banatuta liga, eta multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeek jokatuko dute azken fasea. Tolosa C.F Eskubaloia B taldearen aurka irabazi du 26 eta 29 Ormaiztegiko taldeak joan den asteburuan, igandean, eta bigarren postuan jarraitzen du bere multzoan.
9 partidu jokatu ditu Ormaiztegi K.E-k, eta 15 punturekin dago bigarren postuan, Egia Kosko Taberna taldearen atzetik. Donostialdekoek, berriz, 16 puntu dituzte, baina partidu bat gehiago jokatu dute. Ormaiztegiri, ordea, azken partidua gelditzen zaio jokatzeko. Larunbatean, 17:30ean, Zubipe Kiroldegian izango da, Pizzeria Salento Elgoibar taldearen kontra. Hori irabaziz gero, lehenengo postuan kokatuko litzateke talde goierritarra fase finalerako. Berdinketak ere balio die Egiaren aurretik kokatzeko, batezbesteko tantoak alde baitituzte. Ormaiztegirekin batera, beraz, Egiako taldeak jokatuko du azken fasea.
Beste multzotik, aldiz, erabakitzeke dago. Hierros Servando Eibar Eskubaloia B taldeak lortu du fase finalerako postua dagoeneko, 18 puntu baitituzte. Bigarren postua, berriz, Zumaiako Labarra taberna pulpo E.K-ren eta Ordizia Siglo XX plater prestatuak taldearen artean egongo da. Ordiziari azken partida geratzen zaio Soraluce B K.E taldearen aurka, eta hori irabaziz gero, fase finalean sartuko da 13 punturekin.
Urola Laztimendi taldea, ordea, fase finaletik kanpo geratu da, Ormaiztegiren multzo berean baitago 8 punturekin, eta bi partida gelditzen bazaizkie ere, ez lirateke iritsiko Ormaiztegik dituen 15 puntuetara.
Aurtengo aldaketa
Azken fasea sailkapen orokorreko puntuekin jokatu ohi da. Aurten, halere, sistema aldatu du federazioak, eta hutsetik hasiko dira fase finalera pasako diren lau taldeak. Hilaren 16an izango da lehen jardunaldia: lehen multzoko lehenak bigarren multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta lehenengoko bigarrenak bigarreneko lehenaren aurka.