Jon Ander Albisu eta Beñat Garmendia pilotariak finalera sailkatu dira
Albisuk binakako txapelketa nagusiko finala jokatuko du igande arratsaldean Bilboko pilotalekuan. Garmendiak Promozio txapelketako finala jokatuko du larunbat arratsaldean Logroñon
Asteburu garrantzitsua izan da Jon Ander Albisu, Beñat Garmendia eta Xabier Erostarbe pilotari goierritarrentzat. Albisuk binakako txapelketa nagusiko finalera sailkatzea lortu du eta Garmendiak binakako Promozio txapelketako finala jokatuko du, Elordirekin batera, Zabala eta Erostarberi irabazi ondoren.
Albisuk bigarrengoz jokatuko du txapelketa nagusiko finala. Duela zortzi urte Berasaluzerekin jokatu zuen eta igandean Peña II.arekin jokatuko du, Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka. Jaialdia 16:45ean hasiko da eta ETB1en ikusi ahal izango da.
Pilotari ataundarra gustura ageri da. «Duela zortzi urte hiru urte neramatzan profesional mailan. Hasiberria nintzen eta beterano batekin jokatu nuen. Aurten, berriz, ni naiz beteranoa. Une onean harrapatu nau eta gustura nago egindako lanarekin».
Peña II.a eta Albisu ez zeuden faboritoen artean, baina finalera iritsi dira. «Gure helburua astero gure maila ematea zen eta lortu dugula uste dut. Bikote ona osatu dugu eta erregularrak izan gara. Elkarrekin askotan jokatu gabeak ginen, baina aurten egunero elkarrekin entrenatu dugu eta hasieratik ondo moldatu gara».
Igandean ere maila ona eman zuten, presio handia zuten. «Jon Mariezkurrenak ez zuen egun ona eduki eta abantaila hartu genuen. Dena den, markagailuak dioena baino lan gehiago egin behar izan genuen».
Igande honetan ere ez dute lan erraza izango. «Danel eta Jose maila bikaina ematen ari dira. Ondo hastea eta Joseri eustea oso garrantzitsua izango da».
Igandera begira, Ataunen balkoiak urdinez apaintzeko deialdia egin dute, Albisuk urdinezko jokatuko baitu. «Ilusio handia piztu da eta pena da ataundarrek frontoira joaterik ez izatea. Eskerrak eman nahi dizkiet, beti beraien babesa sentitu baitut».
Garmendia ere pozik ageri da, noski. «Oso pozik nago. Larunbata iristeko gogoarekin». Berak eta Elordik, Alberdi eta Salaberri II.aren aurka jokatuko dute. Partida hau ere ETB1ek emango du. «Salaberri txapelketako une onenean dago eta bere ezkerra bilatzen saiatuko gara».