Andoni Lubaki kazetaritza eskolak ematen ari da Kurdistanen
Jewan Abdi eta Karlos Zurutuzarekin Ronak Press elkartea sortu du. Helburua Kurdistango kazetariei mendebaldeko medioentzat lan egiten irakastea da
Andoni Lubaki gatazka argazkilari urretxuarrak Ronak Press elkartea sortu du Jewan Abdi BBC-ko kamerariarekin eta Karlos Zurutuza kazetariarekin batera eta kazetaritza eskolak ematen ari da Kurdistanen.
Duela bi aste iritsi ziren bertara. «Ronak Press elkartea sortu dugu, Kurdistango kazetariei kanpora begirako artikuluak eta argazkiak egiten laguntzeko. Gu parakaidista moduan etortzen gara toki hauetara. Badakigu kanpoko medioentzako nola lana egin, baina ez dugu hemengo egunerokotasunaren berri. Hemengoek, berriz, hemengo egunerokotasunaren berri badute, baina ez dakite kanpora begira hemengo istorioak eta argazkiak nola saldu. Guk zubi lana egin nahi dugu. Fundazio baten laguntzarekin, bertako kazetariak formatzen ari gara».
Medioek eskatzen dutena egiten irakasten diete. «Idatzizkoa Karlos Zurutuzak darama. Iturriei, informazioaren egiaztatzeari… buruz hitz egiten die». Abdik kamera erabiltzen irakasten die eta Lubakik argazkiak ateratzen.
Azken egunetan Sulaymaniyah-n lan egin dute eta Kirkuk eta Halabja-ko unibertsitateetan ere lan egin dute. «18 urtetik 65 urte bitarteko ikasleak ditugu. Asko eta asko siriar errefuxiatuak dira eta etnia ezberdinetakoak. Sexismo eta arrazakeriarik ez egotea eskatu genuen eta emakume asko gerturatu zaizkigu, batez ere idatzizko prentsa eskoletara. Argazkigintzara ez horrenbeste. Hori dela eta, emakumeak argazkigintzara erakartzeko lan egin beharko dugu».
Oso gustura gaude. «25-30 pertsonei eskolak ematera etorri ginen eta azkenean 100 pertsonei emango diegu. Hitzaldiak ere ematen ari gara. Erantzuna espero baino hobea izaten ari da. Bertako medioak ere harrituta daude eta alkateekin-eta egon nahi dugu urtero errepikatzeko».
Zumarragako Udalaren babesa dute. «Laguntza eskatu genion eta oso erantzun ona jaso genuen. Gu boluntario moduan lan egiten ari gara eta udalaren laguntza gastuak ordaintzeko da».
Beraiek Kurdistanen zeudela, David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien hilketa gertatu zen. «Ukitu egin nau. Gu une honetan ondo gaude, baina beste batzuetan gure lana oso gogorra izaten da psikologikoki eta fisikoki. Ricardo Garcia Vilanova lagunak dion moduan, ofizio honetan sartzen denak badaki zer utzi behar duen nahi duena lortzeko. Utzi beharrekoak irabazteko egin beharrekoak baino gehiago dira. Beriain eta Fraileren lana ezinbestekoa zen, baina jendeak ez du interesik. Desesperatu egiten naiz, baina lan hau ezinbestekoa da. Bestela, ez genuke jakingo munduan zer ari den gertatzen. Kazetaritza librea eta zintzoa beharrezkoa da eta beraiek hori egiten zuten».
Bokazioa
Zerk bultzatzen du pertsona bat Urretxuko bizitza erosoa utzi eta gatazka dagoen toki batera joatera? «Bokazioak. George Mallory-ri Everestera igo behar zenean zergatik joan behar zen galdetu zioten. Eta hor zegoelako joan behar zela esan zuen. Guri gauza bera galdetzen digute askotan: zergatik egiten duzu hau? Bokazioagatik. Lan arriskutsua da, gaizki ordaindua dago, etxetik kanpo lan egin behar da, egunero ordu asko lan egin behar da… Egunkarian iragarki bat jarriko bagenu, inor ez litzateke aurkeztuko. Gatazka kazetaritzaz ari zarela esaten duzunean, jende gehiago azaltzen da. Baina ez du Hollywood-ek saldu duen irudiaren antzik. Lan egiteko ordua heltzen denean, jende askok atzera egiten du. Erresistentzia beharrezkoa da. Bokazioa. Eguneko 24 orduetan %100a eman behar duzu zerbait lortzeko eta askotan ez zaio baliorik ematen. Ofizio hau gizartearentzat beharrezkoa dela sinistu beharra duzu».