Gernikako Arbolako parkea berritzen ari dira
Urretxuko Udala Gernikako Arbola plazako haur parkea berritzen ari da. Lanak astelehenean hasi ziren eta aste honetan bertan bukatzea espero dute.
Udalak jolas guztiak aldatu behar ditu. Zaharrak egurrezkoak ziren eta dagoeneko ezin ziren behar bezala mantendu. Horien ordez altzairu herdoilezinezkoak jartzen ari dira. Berrien mantenua errazagoa eta haurrentzat seguruagoak dira.
Jolasetako bat lau lagunentzako zabu bat da. Eserlekuetako batek sehaska forma edukiko du. Zabu hau mugikortasun arazoak dituzten haurrek erabili ahal izango dute. Mugikortasun arazoak dituzten haurrek lehentasuna izango dute sehaska formako eserlekuan.
Txapa batzuen gainean
Gernikako Arbola plazako jolas berriak ez dituzte zorura ainguratuko, parke azpiko garajeetara urik sartu ez dadin. Jolasak zorura ainguratu ordez, txapa batzuetara ainguratuko dituzte. Txapa hauek jarri ahal izateko segurtasun zorua kendu behar izan dute. Jolasak instalatu ondoren, segurtasun zoru berria jarriko dute.
Udalak 35.400 euroko inbertsioa egingo du. Urretxuko Udalak parke berriak zaharrak izan zuen arrakasta izatea eta haurrek jolasteko toki moderno eta seguruagoa izatea espero du.