Gurrutxaga eta Caribe, 60 urte legazpiarrekin
Ordu beteko aldearekin bakarrik ireki zituzten Legazpiko bi taberna esanguratsu, 1961eko apirilaren 29an, Santikutz jaien atarian. 60 urteren bueltan, Gurrutxagak eta Caribek badute zer gogoratu.
Santikutz festen bezperan, 1961eko apirilaren 29an bi taberna berri ireki zituzten Legazpiren erdi-erdian, orduko General Mola kalean (Kale Nagusia). Gurrutxaga taberna 19:00etan inauguratu zuten kaleko 8. zenbakian. Ordu bete geroago, Caribe inauguratu zuten, 20 metro eskasera.
Bi establezimenduak martxan daude oraindik. Gurrutxaga, familia beraren eskuetan dago. Caribe bitan banatuta dago: Iñaki Ruiz de Egilazek darama Kale Nagusiko Karibe Berri, eta Agustin San Martin eta Joseba Telleria lehengusuak dira Nafarroa kaleko Karibe Zaharreko jabeak.
Migel Gurrutxaga eta Begoña Lonbide senar-emazteek ireki zuten Gurrutxaga; gaur, Jaione alabak darama negozioa. Caribe, berriz, Venezuelan dirua egin zuen Antonio Goñik jarri zuen martxan, Zacarias Cantero eta Begoña Garitanoren eskuetan utzita; urte betera erosi zioten. Haien seme Mikelek ostalaritzan jarraitzen du, Xarpot tabernan. Jaione eta Mikel gurasoen tabernetan hazitakoak dira, lagunak dira txiki-txikitatik, eta lanbide berean dihartute biek.
Gurrutxaga, gizonentzako
Gurrutxaga ireki aurretik, gurasoen bodegan lan egindakoa zen Migel, eta Begoña Kupela bodegan aritutakoa. Ezkondu berritan jarri zuten martxan taberna, 28 eta 25 urterekin, Begoña haurdun zegoela. «Zein ausartak ziren!» dio Jaionek. Hasieran, Migel Patrizioren lantegian ere bazebilen, baina laster utzi zuen.
Gurrutxaga ez da asko aldatu, eta barra, sukaldea, komunak eta goiko gunea lehengo leku berean daude.
«Kartetan jokatzeko taberna zen batez ere, gizonentzako taberna», azaldu du Jaionek, «kopa eta puro ugari saltzen ziren, eta kiniela ere zigilatzen zen!».
Bazkariak ematen zituela ere aipatu du, amak prestatuta, lantegiko langileentzako, eta beheko solairuan futbolin bat zegoela gogoratu du. Ostegunetan giroa aldatzen zen, «jueves de bragas» zelako, neskalagunarekin irteteko eguna. Bikote horientzako «erreserbatua» edo toki pribatua egokitzen zuten.
Pintxoengatik ere estimatua zen Gurrutxaga, arraina, rabak eta ‘huekoa’ ziren eskatuenak. Gabonetako saskiek zozketek ere famatu egin zuten taberna; gurasoen bodega zaharretik hartu zuen ideia Migelek, eta gaur egun jarraitzen du oraindik ohiturak
Makina bat jende ibili da lanean bertan, eta besteak beste Anjel Portilla, Jose Manuel Martinez de Gereñu, Anjel Mari eta Mari Carmen Gurrutxaga, Mirentxu eta Pablo Lonbide, Angelines Diez… gogoan ditu Jaionek.
Etxeko lau anai-arrebek ere lan egin dute eta sukaldaritza ikasi eta gero, Jaionek hartu zuen tabernaren kargu 1998an. Ordurako giroa oso aldatuta zegoen, gurasoek ‘tragoen’ aldeko apustua egina zutelako, gaueko giroaren aldekoa. Berak, berriz, sukaldean eta egunean jarria du indarra, eta pintxo, errazio eta gosari eskaintza indartu ditu.
Bere azken etapa honetan Ana Berasategi, Amaia Altolagirre eta Ainara Mantxola dabiltza lanean, Emi Muñoz sukaldariarekin batera, eta tarteka Ane Beloki eta Maddi Villarreal. Pandemiaren urte honetan guztiek adierazi dioten elkartasuna eskertu nahi die.
Caribe, hain elegante
Caribe beste era batekoa zela azaldu du Mikelek, kafetegi elegantea eta handia, kale batetik bestera zihoana. Inauguraziorako kamarero gizonezkoek pajarita eta guzti jantzi zuten, eta emakumezkoek uniformea; azken horien artean Mari Jose Garcia de Amezaga, Afri Gomez eta Marta Pinillos zeuden. Jende gehiagok egin zuten lan aurrerago, tartean Mari Paz, Rufo eta Mari Jose, jabeen zeme-alabek.
Mikelek azaldu duenez, «gurasoek esaten zuten Caribe hain elegantea zela, hasieran ez zegoela ia negoziorik, astean herritarrak ez zirelako sartzen; asteburuetan bakarrik sartzen ziren, arropa hobeagoekin jantzita». Baina «pixkanaka, Zacak eta Begoñak lortu zuten tabernari beste estilo bat ematea eta bezeroak bereganatzea». Caribek taberna zuen goiko aldean, eta Nafarroa kalera ematen zuen gunean, gozotegi txiki bat. Baina Begoñak prestatutako pintxoengatik egin zen famatu: arrautza-irinetan pasatutako arraina, patata tortilla eta rabak. Kafea ere ez zuten txarra egingo, garai hartako makinak oraindik martxan jarraitzen duelako Karibe Zaharren. Egunero txikiteoa, igandeetan bermuta eta pintxoak…, eta gauez ere ondo funtzionatu zuen Caribek. Ostegunetan zuten asteko jai eguna.
Cantero-Garitano familiak 1984an utzi zuen taberna; egun batetik bestera erosi zioten Jabier eta Inaxio Oriak, eta aurrerago lokala zatitu egin zuten. Zacariasek lanbidea utzi zuen, baina Begoñak Piccolo croissanteria ireki zuen. Mikel han hasi zen lanean; 1995ean Xarpot ireki zuen.