Oiangun ardi gazta, plazan ahuntzarena
Ordiziako azokan protagonista gazta izan da beste behin ere; ahuntzaren berria ere hasi da. Patata eta marrubiak ere nobedade izan dira.
Urte guztian erosi daiteke azokan gazta, astea joan astea etorri. Aukera handia dago, behiena, ardiarena eta ahuntzarena, ekoizleak berak egina eta saldua ez ezik, salerosketan aritzen diren beste hiruzpalau postuetan ere bai.
Gazten denboraldiari lotuta, ahuntzarenari dagokionez, oraintxe hasi da; ekoizleak berak egindako berria atzo hasi zen saltzen ferian. Aldaba zaharrekoa da eta baserri inguruko larreetan ibili ohi diren Alpina arrazako ahuntzena. Hau ardiarena ez bezala egin eta aste betera saldu daiteke, fresko-freskoa, 5 euroan pieza (200gr.). Postu berean eros genitzake ahuntz esnea eta jogurta ere.
Behiena urte guztiko produktua da, egin eta saldu aritzen dira ekoizleak urte guztian (Olaberriko Etxeberri goikoa eta Mutiloako Odiokoa.
Ardiena berriz, ferian berria saltzera (Goiburu gazta) apirilean hasi bazen ere, atzo eman zitzaion ofizialki Oiangun propio antolatutako ekitaldian ardi gazta berriaren urteari hasiera, halabeharrez, pentsatutako data baina hilabete beranduago.
Aire libreko patata berria
Bestalde, aire libreko patata berriaren lehen kiloak Ataungoak aurten. Lurdes Zurutuzak ekarri ditu, 2 euroan kiloa, romanesku aza dotoreen ondoan aurkeztuak. «Patata txikia izan arren, azken urteetan hau erosteko ohitura hartzen ari da jendea, garai batean hain txikia ez genuen ekarri ere egingo», zioen Lurdesek. Kontua da beste merkatu batzuetan txiki berri horrek arrakasta berezia duela, 5 euroan kiloa izateraino ikusi izan dugu iparraldeko merkatuetan. Oihura kontua nonbait eta horiek aldakorrak dira.
Lehen marrubiak ekarri ditu Arantxa Zurutuza aramarrak eta baita aire batean saldu ere.
Ziza kopurua handitu da
Mikologiaren atalari dagokionean, hasi da Gasteiztik Garbiñe Barandiaran (iaz ez zen etorri), Olanotik goraxeagoko kantoian du postua. Hala, hiru saltzaileren artean (Lasa Udaletxe aurrean, Basoa Jakes etxearen aurrean) 370 kilo atzo (10-40 euroan kiloa), baita onddo, zizahori eta kardu perretxikoa ere.