Albisu, pantaila handian
Goierriko pilotarentzat goi mailako mugarri bat jarriko dute Jon Ander Albisuk eta Beñat Garmendiak, bi finalekin. Ataungo San Gregorion pantaila erraldoia jarriko dute partidak ikusteko
Goierriko pilotarentzat asteburu seinalatua izango da. Profesionalismoko binakako bi finaletan pilotari goierritar banak jokatuko dute, orain arte sekula lortu gabeko azioa. Beñat Garmendia beasaindarra Promoziokoan ariko da, bihar Adarragan (17:15). Jon Ander Albisu ataundarra, maila nagusikoan, Bilboko Bizkaia frontoian, igandean (16:45).
Ezohiko poztasuna eragin du Jon Ander Albisu berriz 1. Mailako final batera iristeak. 11 urte darama profesionaletan, eta bukatu ezinik gelditu zen orain arteko final bakarra, Berasaluze VIII.a kidea lesionatu zenean. Pilotarien iazko greban erakutsi zuen tenpleak eta hartu zituen ardurek, frontoitik kanpora ere Albisurekiko miresmena piztu zuten. Abenduan finalaurrekoetan geratu zen Binakakoan; igandean du dagokion saria.
Pantaila handia herrian
Pilota kirol izan, ordea, eta frontoian borobildu beharko dute Albisuk eta Jon Ander Peña debutariak balentria. Elezkano eta Zabaleta, txapelketako beste bikote indartsuena, aurkari. Hiru aldiz aritu dira elkarren aurka, eta denetik gertatu da: ligaxkako bi neurketak Peña-Albisuk irabazi zituzten, baina finalaurrekoa bizkaitarrak eta nafarrak.
Pandemiaren erruz, beste behin hutsik egongo da finaleko frontoia. Baina ez hala Ataungo San Gregorioko Zelai pilotalekua. Pantaila erraldoia jarriko dute, eta lagunartean ikusi eta animatu ahalko dute batzu-batzuek Albisu.
Osasun-seguratsun arauak zorrotz bete beharko dira: ezingo da norbere aulkitik altxatu, musukoa jantzita, jatekorik eta edatekorik gabe, eta sarrera-irteeretan antolatzaileen jarraibideei kasu egin beharko zaie. Izena eman behar da, tokiak zenbatuak direlako, Whatsapp mezua bidalita 616 758 758 zenbakira. Gaur da azkeneko eguna, eta izena emandako guztien artean zozketa egingo dute. Gaur bertan aterako dute zerrenda.
Urdin kolorea etxeetan
«Muñoko Jon Anderrek» finala jokatuko duela eta, herrikideek Ataungo balkoiak eta leihoak urdin kolorez apaintzeko eskatu dute; Albisuren elastikoaren kolorearekin, alegia. Kamiseta zintzilikatzeko eskatu dute, «ataundarron berotasuna eta animoa senti dezan». Sailkatu zenean, jaian, suziriak bota zituzten.