Emakumeen Segurako saria jokatuko da igandean, maila guztietan
Kadeteen proba 09:00etan izango da, eta junior, elite eta 23 urtez azpikoena 10:30ean. Euskaldun txapelketarako balioko du lasterketak. Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatu du
Igande honetan, maiatzak 9, emakume txirrindulari proba izango da Seguran, maila guztietan, Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Emakumeen Segurako saria jokatuko da, eta baliagarria izango da Euskaldun txapelketarako. Kadeteen proba 09:00etan izango da, eta junior, elite eta 23 urtez azpiko mailako lasterketa, aldiz, 10:30ean.
Kadeteek 38 kilometroko ibilbidea egingo dute. Segurako plazatik abiatuko dira neutralizatuta, eta irteera errotonda eta arrabalaren arteko kalean izango da. Idiazabaldik pasa eta Segurara itzuliko dira bariantetik, eta hortik Zegamara. Bertan bira eman eta Segurako plazatik pasako dira berriro. Ihurrera abiatuko dira ondoren, eta kateako bidegurutzetik Ormaiztegira joango dira, bertatik Lierniko gainara abiatzeko. Mutiloatik itzuli eta irteerako toki berean amaituko da lasterketa, arrabal ondoan. 09:57an ezarri dute helmuga ordua, 38 km/h-ko abiaduran.
Junior, elite eta 23 urtez azpikoen mailakoek, berriz, 82,6 kilometroko ibilbidea egingo dute. Irteera kadeteen leku berean izango da, baina ibilbide desberdina egingo dute. Herriko plazatik neutralizatuta atera eta Zeraingo bidegurutzetik Zegamara abiatuko dira. Bertan bira eman eta Segurako plazatik pasako dira. Ihurreko zubitik Ormaiztegira joango dira, ondoren Lierniko gainara igotzeko. Lau itzuli emango dituzte, eta Segurako arrabalean helmugaratuko dira. 12:33an da helmugaratzea, 41 km/h-ko abiaduran.
Sariak, kultur etxean
Antolakuntzak neurri zorrotzak ezarriko ditu koronabirusa dela eta. Segurako Txirrindulari Elkarteko Juan Mari Gereñuk azaldu duenez, sari banaketa aforo mugatuarekin egingo dute, Kultur Etxean. «Helmugako eremua ere hesituko dugu ikusleak ez pilatzeko; txirrindulari denei tenperatura neurtuko zaie hasi aurretik, eta irten arte musukoa jantzita izan beharko dute».
Kadete mailan, 47 txirrindularik eman dute izena, eta elite eta 23 urtez azpikoetan 81 txirrindularik. Denek lasterketa hasi baino 45 minutu lehen egon beharko dute bertan karrera aurretiko azken lanak egiteko.