Palako lehenengo kanporaketa asteburuan itxiko dute hiru herrik
Olaberriak sailkapena bideratuta, Ordiziak dena ikuskizun, eta Zumarragak maldan gora. Denetariko emaitzak izan dituzte Goierriko herriek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren estreinako jardunaldian. Aurreneko kanporaketako itzuliko partidak asteburuan dituzte.
Olaberriak bi partidak irabazi zituen igandean Oiartzunen. Paleta larruz Arrieta-Garrido 35 eta 21 nagusitu zitzaizkien Mujika-Juanesi, eta pala motzean Berasategi-Olaranek 40 eta 36 irabazi zieten Leonet-Azpirotzi.
«Kanporaketa nahiko bideratuta jarri dugu: 0-2 eta tanteoa 18 positibo gure alde», diote Olaberriko pilotariek. Itzulikoa, Olaberriko udal pilotalekuan, igandean 16:30ean dute. Finalaurrekora igarotzeko bi partidetatik bat irabaztea aski dute. Errenteria izango du han zain.
Ordiziak banako berdinketa lortu du Donostiaren aurka, Beti-Alain. Paleta larruz, Luzuriaga-Erizek irabazi egin zuten (35-30), eta pala motzean Otegi-Letamendiak galdu (32-40).
Donostian gaur 18:30ean dute itzulikoa, Altzan. Oso berdindua dago kanporaketa, partida kopuruz ezezik tanteoan ere.
Zailago daukana Zumarraga da, paleta gomaz. Soraluzen 2-1 galdu zuen. Josu Vianak 20-17 irabazi zuen lehen partida, baina binakakoa 20-15 galdu zuten Egiburu-Rodriguezek, eta azkena 20-9 galdu Iñigo Vianak.
Itzulikoa bihar 10:30ean hasiko da, Zumarragako Belokin.