Pentsatzeko gonbita, zientziaren eskutik
Pandemian gizartean errotu diren diskurtsoez kezkatuta, ‘Pentsatu, ez sinistu’ irratsaioa egin du Jon Urzelaik Urretxu eta Zumarragako KKinZona irratian, eta aipamen berezia jaso du CAF-Elhuyar sariketan. Zientziaren beharra aldarrikatu du.
Urretxu eta Zumarragako KKinZona irrati librean Pentsatu, ez sinistu saioa egin du Jon Urzelaik (Zumarraga, 1990) sineskerien inguruan hausnartzera bultzatzeko, eta, saio horregatik, CAF-Elhuyar sariketan aipamen berezia jaso berri du, zientzia kazetaritzaren sailean. Sariak “ezustean” harrapatu du, baina “pozik” dagoela aitortu du. Fisikaria eta soziologoa da Urzelai, eta gaur egun eskolak ematen ditu Elorrion (Bizkaia), Bigarren Hezkuntzan.
Anestesia taldearen abesti baten izenburua bere eginda, Pentsatu, ez sinistu irratsaioaren bost ataletan hausnartzeko gonbita egin du pandemian orokortu diren sineskerien eta haietan oinarritutako diskurtsoen inguruan. Diskurtso horiek “zientziaren eta ofizialtasunaren alternatiba gisa” hartu ditu jendeak, Urzelairen iritziz, eta horrek “zientziari eta ofiziala den orori mesfidantzaz begiratzea” ekarri du. Mezu guztiak “zorrotz” aztertu beharrekoak direla uste du zumarragarrak: “Erabateko eszeptizismo horrek ez du norbera askeago egiten”. Iazko abuztutik urrira aireratu zituen bost irratsaioak, eta sineskeria bat landu zuen irratsaio bakoitzean. Guztiak entzungai daude kkinzona.eus eta arrosasarea.eus irrati libreen webguneetan.
Zientziaren beharraz
Lehenbiziko irratsaioan, zientziaren nondik norakoak eta haren beharrezkotasuna mahaigaineratu zituen Urzelaik, “ikuspegi kritikoa izateko zientzia ezinbesteko tresna dela aldarrikatzeko”. Iritzi guztiek “erlatibotasun erabatekorik” ez dutela ere frogatu nahi izan zuen. “Hau da, ezin dute pisu bera eduki inolako frogarik gabeko iritzi batek eta metodologia zehatz bat jarraituta ateratako ondorioekin ematen den beste batek”.
Sineskeriak “mezu sinplistak” izan ohi direla dio zumarragarrak. “Dena arrazoitzeko balio dute, baina errazkeria da hori. Errealitatea bestelakoa da, konplexuagoa, eta horrek eskatzen du zorrotz aztertzea jasotzen ditugun mezuak”.
Txertoak
COVID-19ak txertoen aldeko eta kontrako jarrerak berriz ere harrotu dituen arren, txertoei uko egiteko joera hori lehenagotik ere bazegoela azaldu du Urzelaik. Hain zuzen, hori heldulekutzat hartuta, txertoei uko egiteko arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen aztertzea izan zen bigarren saioaren helburua. Gaiaren inguruan ikertu zuen Urzelaik, eta ondorioztatu “oinarri zientifiko handirik” ez dagoela txertoei uko egiteko. “Ez bada aldez aurreko ukazio bat; hau da, ‘nik ez dut honetan sinesten’ esatea. Hori bada, ez dago ezer egiterik”.
Konplexutasun horretan guztian badago soilik zientifikoa den alderdi bat. “Adibidez, txertoek funtzionatzen duten edo ez; edo txerto horiek zer ondorio izan ditzaketen”. Urzelairen esanetan, “gainontzekoa” horren ondoren dator: “Industria farmazeutikoa, geopolitika, autoritarismoa… Eztabaida zilegiak dira guztiak, baina dena nahasten da, eta iruditzen zait ez diola onik egiten inori, are gutxiago zientziari”.
Uhin elektromagnetikoak
Uhin elektromagnetikoak edo 5G teknologia osasunerako kaltegarriak direla, horra oso hedatuta dagoen beste sineskerietako bat, Urzelairen ustez. Horregatik, arrazoitzen saiatu da ez dagoela justifikazio teorikorik halako arriskuak daudela frogatzeko. Dauden ikerketen artean, dena den, badaude “plazeboaren kontrako efektua” badutela frogatzen dutenak. “Hau da, teknologia horiek kalte egingo dizutela uste baduzu, kalte egingo dizute, baina horrek ez dauka zentzurik uhinari begiratuta”.
Klima aldaketa
Klima aldaketa ukatzen duten diskurtsoak aztertzen ere ausartu da Urzelai. Ikertzen hasita, ohartu da zientifikoki ez zegoela ekarpen handirik egiterik, “ikerketa guztien %99,9k klima aldaketa badela baieztatzen baitute”. Dena den, gizarteko hainbat eragilek gaia nola erabiltzen duten aztertu du zumarragarrak. “Adibidez, konturatu naiz petrolio konpainia handiak, urteetan, klima aldaketa ukatzen saiatu direla negozioaren mesedetan, gizartean zalantzazko diskurtsoak hedatuz”.
Bestalde, Urzelaik nabarmendu zuen ultraeskuinak gaiaren “erabilera arrazista” egin duela: “Badago ekofaxismoa deitzen zaion beldur bat; arrisku ekologiko horiei irtenbide faxista bat ematean datza”.
Ultraeskuina
Gaur egungo gizartean mugimendu ultraeskuindarrak darabiltzan “konspirazio ideiak” ere aztertu ditu Zumarragako fisikari eta soziologoak. “Erabateko mesfidantza giro hau arrantzatzeko aprobetxatzen ari da ultraeskuina. Kontzienteki hauspotzen dituzte ideia konspiratzaileak, eta hori halaxe gertatzen dela ohartarazi nahi nuen”.
Irratsaioak amaituta, oro har, sineskeriak “uste baino zabalduago” daudela ondorioztatu du Urzelaik. Hori ikusirik, “kritikoak” izateko gonbidapena egin du irratitik: “Beharrezkoa da kritikoa izatea; oso sanoa da guztia zalantzan jartzea. Baina erabateko mesfidantzak ez zaitu askeago egiten; alderantziz, heldulekurik gabe uzten zaitu, eta, heldulekurik ez dagoenean, edozerk balio du gauza horiek justifikatzeko”, ohartarazi du. Kritiko izateko “irakurri” egin behar dela azpimarratu du. “Informatu. Denbora eta ahalegina eskatzen ditu horrek, noski, baina beharrezkoa da”.