Sarek presoak etxeratzeko aldarria Goierriko 22 tontorrera eramango du
Goierriko hemezortzi herrik egin dute bat deialdiarekin. Aizkorrin eskualde mailako argazkia aterako dute. Denek ordu betean, 11:30ean aterako dituzte argazkiak
Sare plataformak presoak etxera itzultzeko aldarria Goierriko sabairaino eramango du, bihar. Eskualdeko mendi nagusienak igoko dituzte urruntze-politika bertan behera uztea eta preso guztiei gradu-progresioa aplikatzea exijitzeko. 11:30ean aterako dituzte argazkiak, guztiek batera. Antolaketa lanak errazteko eta egitasmoan parte hartuko duen jendea errazago zenbatzeko aurrez izena emateko eskatu dute. 650tontor.sare.eus helbideko galdetegia bete behar da, horretarako.
Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileek atzo esan zuten «aldaketak» ari direla jazotzen euskal presoei eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean, «sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa irudikatzen duguna». «Ematen ari diren gerturatzeak ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira».
Baikorrak dira, ordea. «Aukera paregabe» baten aurrean daudela aipatu zuten, «probestu behar dugun aukera paregabea. Horixe da Saretik egin nahi duguna. Horixe da gure deialdi honen atzean dagoen xedea». Kalera eta mendira irteteko deia egin zuten, herritarren aktibazioarekin eta ekitearekin erabakien motorra izateko.
Goierriko igoerez gain, Euskal Herri osoko beste 600 tontor baino gehiagotara igoko dira. 650 izango dira denera. Eta dagoeneko 1.500 pertsonek eman dute izena. «Oso pozik gaude. Bizi dugun pandemia egoera honetan, eta egun oraindik indarrean diren neurri murriztaileak kontuan izanda, benetan pozgarria da herritarrek erakusten duten konpromisoa eta gogoa», aitortu zuten bozeramaileek.
1.000.000 kilometro
Sarek, Izan Bidea dinamikaren barruan, mugimenduarekin lotura duten ekintzak antolatzen ditu. Dispertsioagatik senideek presoak bisitatzeko egin behar dituzten distantziak irudikatzen dituzte, hala. Helburua hiru milioi kilometro osatzea da, euskal herritar bakoitzeko bat.
Heren bat osatu dute. Atzo iragarri zuten milioi bat kilometroren langa gainditu dutela. Biharko ibilaldiekin beste mordoxka bat egitea espero dute. Kilometroak zenbatzeko Sareren aplikazioa jaitsi behar da sakelekora.
Larunbateko deialdiak (argazkia 11:30ean aterako dute, tontor guztietan):
- Aizkorri-Aitxuri-Arbelaitz. Irteera 09:00etan San Adriandik.
- Ataun. Agautz eta Sastarrira. 08:30ean San Martingo plazatik; 10:00etan Urkillagatik.
- Beasain. Usurbera eta Txarabeltzera. 09:00etan, tren geltokitik; 09:30ean, Matxinbentatik.
- Gabiria. Murgilera. 10:30ean, plazatik.
- Ezkio. Izazpira. 09:00etan, frontoitik.
- Idiazabal. Atxurbira. 09:30ean, plazatik.
- Itsaso. Kizkitzara. 10:00etan, plazatik.
- Itsasondo. Murumendira. 08:30ean, plazatik.
- Lazkao. Arastortzara; 09:00etan plazatik. Esparrura; 09:30ean, plazatik.
- Legazpi. Korostira. 10:00etan Euskal Herria plazatik.
- Legorreta. Intxurrera. 09:00etan plazatik oinez; 09:30ean, plazatik autoz.
- Mutiloa. Aizalekura. 08:30ean herriko plazatik; 10:00etan, Aztiriako plazatik.
- Ordizia. Murumendira. 08:30ean, plazuelatik.
- Ormaiztegi. Mendizabalera. 10:30ean, plazatik.
- Segura. Unamendira. 10:00etan, plazatik.
- Urretxu. Irimora. 10:00etan, Potros plazatik.
- Zaldibia. Ausa Gaztelura. 09:00etan, plazatik.
- Zegama. Txurruko puntara. 09:00etan, plazatik.
- Zumarraga. Belokira; 1030ean, Trintxeratik. Oletara; 10:30ean, Agiñatik.