Ugartemendiko bidegurutzea biribilgunea bilakatuko da
Lanek 327.000 euroko aurrekontua dute. Urte amaierarako lanei ekitea espero dute eta hiru hilabeteko iraupena izango dute
Ugartemendiko bidegurutzea biribilgunea izango da etorkizunean. Proiektuak gaur aurkeztu dute Leire Artola Beasaingo alkateak eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak; Diputazio Kontseiluak asteartean emango dio oniritzia; lizitazioa martxan jarriko da orduan eta urte bukaerarako lanak hastea aurreikusten dute; hiru hilabeteko iraupena izango dute. Lanek 327.000 euroko kostua izango dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean hartuko du bere gain.
Oiarbidek azaldu du biribilgunea ez dela “oso handia” izango: 28 metroko kanpo diametroa izango du eta mailakatuta egongo da. Azkeneko eraztuna zapalgarria izango da, tamaina handiko ibilgailuak gainetik pasa daitezen eta maniobratzeko beharra izan ez dezaten. Oinezkoentzako pasabideak ez dira aldatuko. Lanek dirauten bitartean trafikoa zabalik egongo da, baina afekzioak egongo direla iragarri du diputatuak. “Afekzioak beti egoten dira halako obretan, baina saiatuko gara ahalik eta gutxienak izan daitezen”. N1 errepidearen adarra izanik, trafikoa handia jasaten duen zatia da: Beasaingo, Lazkao eta Ataungo sarrera-irteera da; inguruko industrialdeetarako joan-etorria handia da; eta Txindoki institutuko ikasleek eta langileek ere egunero igarotzen dute bidegurutzea. Egunero 9.000 bat ibilgailu igarotzen dira bertatik.
Artolak “herriko puntu beltzetako bat” dela aitortu du. Aldaketarekin, trafikoa arintzeaz gain, auzotarren segurtasuna handituko dela esan du. “Aldaketa txikia izango da baina berebiziko onurak ekarriko ditu”.