Unai Zubeldia izan da garaile Lazkaomendiko txirrindulari proban
Guztira 138 txirrindularik hartu dute parte gaurko lasterketan. Azken kilometroetan, Lazkaomendirako igoeran ihesean zihoan taldea harrapatu du pelotoiak.
Lazkaomendiko 45. Txirrindulari Proba jokatu da gaur arratsaldean, junior mailan. Limusin taldeko Unai Zubeldia izan da irabazlea, 2:28:47ko denbora eginda. Minutu eskasera helmugaratu da Haimar Etxeberria eta hirugarren postuan sailkatu da, bost minutura Hugo Aznar. Lasterketa inongo gorabeherarik gabe gauzatu da. Ihesean talde bat aritu da lasterketan zehar, baina azken kilometroetan, Lazkaomendira igoeran harrapatu ditu guztiak pelotoiak.
95 kilometroko etapa osatu behar izan dute txirrindulariek, Lazkaoko Kirol Elkarteak eta Esparru elkarteak antolatuta. Herriko plazatik abiatu da lasterketa 16:00etan. Alegiara joan-etorria egin dute hasteko, handik Zaldibiatik pasata Larraitzera bitan igoz. Azken biran, Zaldibiatik gora Lazkaomendin izan dute helmuga txirrindulariek. Guztira 138 txirrindularik hartu dute parte gaur arratsaldeko lasterketan.