Binakako final mingarria ataundarrentzat
22-7 galdu du Jon Ander Albisu ataundarrak, Peña bikote izanik, Elezkano eta Zabaletaren aurka jokatutako Binakako finalean. Ataundarrek gertutik jarraitu dute partida
Euren etxeak urdin kolorez jantzi dituzte ataundarrek egun hauetan «Muñoko Jon Anderrek» gaur Bilboko Bizkaia frontoian izan duen partidaren harira. Etxeko balkoi eta leihoetako apaingarriez gain, kaleetan, lurrean zein paretetan idatzitako mezuak ere eskaini dizkiote pilotariari ataungo bizilagunek.
Hitzordu garrantzitsua zen gaurkoa herritarrentzat, eta hori dela bide, pantaila erraldoi bat jarri dute Ataungo San Gregorioko Zelai pilotalekuan, Albisu eta Peñak Zabaleta eta Elezkanoren aurka jokatu duten Binakako finala lagunartean ikusi eta animatu ahal izateko.
Emaitza pozgarria izan beharrean, ordea, porrot mingarria eraman dute gaurkoan Albisuk zein ataungo bizilagunek Aspekoen aurka 22-7 galdu ostean. Ataundarrek, hala ere, azken momentura arte animatu eta txalotu dute herriko pilotaria, orain arte egindako ibilbidea aintzat hartuz.