Emakumeen Segurako Saria jokatu dute maila guztietan
Gaur goizean jokatu dute Euskaldun txapelketarako baliagarria izan den Emakumeen Segurako Saria. Izaro Oliveirak irabazi du lehenengo proba, eta Alice Coutinhok bigarrena
Gaur jokatu dute Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako emakumeen proba maila guztietan, Euskaldun txapelketarako baliagarria izan dena. Guztira bi lasterketa egin dituzte Emakumeen Segurako sari honetan, kadeteak alde batetik, eta junior, elite eta 23 urtez azpiko mailakoak bestetik. Kadete mailan, 47 txirrindularik eman dute izena, eta elite eta 23 urtez azpikoetan 81 txirrindularik.
Kadeteak 09:00etan atera dira Segurako errotonda eta arrabalaren arteko kaletik, eta guztira 38 kilometroko ibilbidea egin dute. Gaurko lasterketan, kadete mailan, Miribilla taldeko Izaro Oliveira izan da irabazlea. Mendiko saria ere talde berekoa den Naia Arana txirrindulariak eraman du, eta taldeko saria Miribillarentzat izan da.
10:30etan junior, elite eta 23 urtez azpikoen txanda izan da. Kadeteak irten diren leku beretik atera ondoren, 82,6 kilometroko ibilbidea egin dute, eta 12:45 aldera heldu da lehenengo txirrindularia helmugara. Junior mailan Nafarroa-Ermitagaña taldeko Naroa Fernandez txirrindularia izan da irabazlea. Bestalde, ez da taldekako saririk egon, ez baita talderik osatu. 23 urtez azpikoetan Sopela Women’s Team taldekoa den Naia Amondarain izan da irabazlea.
Elite mailan, helmugara lehenengo heldu den txirrindulari irabazlea Alice Coutinho izan da, VC Morteau taldekoa, eta bera izan da era berean mendiko saria eraman duena maila honetan. Taldeka, berriz, Bizkaia Durango taldea irten da garaile.
Torneoko liderra kadete mailan Nafarroa-Ermitagaña taldekoa den Raquel Erdociain izan da gaurkoan. Junior mailan Arabarrak K.T. taldeko Olatz Caminok eraman du saria, eta 23 urtez azpiko mailan Naia Amondarainek. Elite mailan, berriz, Eneicat-RBH Global taldeko Ziortza Isasi izan da garailea.
Azkenik, Gipuzkoako txapelketako sariak banatu dituzte Segurako Kultur Etxean. Kadete mailan, ZU-K Limousin taldeko Oneka Sanchez beasaindarra izan da Gipuzkoako txapelduna. Junior mailan, talde berekoa den Naroa Olanok lortu du garaipena eta 23 urtez azpikoan Sopela taldeko Naia Amondarainek. Elite mailan Bizkaia-Durango taldeko Lydia Iglesiasek eraman du Gipuzkoako txapeldunaren saria.