Zazpi hilabeteren ondoren, amaitu da alarma egoera
Gaurtik aurrera ez da mugikortasun mugarik ezta etxeratze agindurik izango Hego Euskal Herrian
Gaur gauerdian indargabetu da Espainiako Gobernuak zazpi hilabetez indarrean izan duen ez ohiko legedia. Urkulluk ostiralean emandako prentsaurrekoan, argi utzi zuen Jaurlaritzaren nahia lehen indarrean zeuden neurri murriztaileekin jarraitzea zela, baina EAEko Auzitegi Nagusiaren esana bete beharra izan dute azkenean. Gaurtik aurrera Hego Euskal Herrian ez da mugikortasun mugarik ez etxeratze ordutegirik egongo. Hemendik aurrera, txertaketak, baliabide publikoen egokitasuna eta herritarren inplikazioa izango dira covid-19aren aurka borrokatzeko bideak.
Iazko urriaz geroztik lehen aldiz, libre da Hego Euskal Herriko herrialde guztien artean mugitzea. EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakien arabera, Eusko Jaurlaritzak ezingo du itxiera perimetralik ezarri, ez udalerrietan, ez herrialdeetan, ezta autonomia erkidegoan ere.
EAEn indarrean mantenduko diren neurriak
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ebazpena betez, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak bertan behera utzi ditu herrietako zein erkidegoko itxiera perimetralak, etxeratze agindua eta pertsonen arteko bileren mugak.
Ostalaritzak, kirolak zein aisialdiak, mugak izaten jarraituko duten arren, orain artekoak baino malguagoak izango dira. Ostalaritza eta bestelako kultur eta merkataritza jarduerek 22:00ak arte egon ahal izango dute zabalik, eta edukierari dagokionean, tabernen eta jatetxeen barnealdean %50ekoa izango da muga. Hala ere, debekatuta jarraitzen du barran edo zutik kontsumitzeak, eta mahaietan gehienez ere lau laguneko taldeak mantendu beharko dira.
Gainontzean, bertan behera geratu da gehienez lau lagun elkartzeko araua, baina ostalaritzan bezala, kirolean ere mantendu egingo da edukieraren muga. Kirol instalazioen aforoa ere %50ekoa izango da, %35ekoa aldageletan, eta gehienez sei lagunek bildu ahalko dute. Kirol ekitaldiek ikuslerik gabe izaten jarraituko dute. Bestalde, elkarte gastronomikoek, gazte lokalek edota gaueko aisialdiarekin lotutako lekuek itxita jarraituko dute oraindik.