Albisuri harrera egin dio Ataungo Udalak
Koadroa eta argazkia oparitu dizkiote, herriaren izenean. Albisu esker oneko agertu da herritarren aldetik jasotako babes eta animoengatik.
Binakako txapelketako finala jokatu eta biharamunean, Jon Ander Albisu pilotari ataundarrari harrera egin diote gaur, udaletxean. Jon Ander Albisu pilotari finalistari harrera egin dio Ataungo Udalak, eta Izaro Erauskinek egindako koadro bat eta argazki bat oparitu dio Martin Aramendi alkateak.
Herrian ilusioa piztu du Albisuren finalak; etxeetako balkoiak kamiseta urdinekin apaindu dituzte asteburuan, eta pantaila erraldoia ere jarri zuten San Gregorion, finala jarraitzeko. Peñarekin batera jokatu zuen finala Bilbon, eta 22-7 galdu zuten Elezkano eta Zabaletaren aurka.
Animo mezuak ere jaso ditu pilotariak, eta esker ona agertu nahi izan die herritarrei: «Eskerrak eman nahi dizkiet ataundarrei, aste guztiko animoengatik. Joaterakoan agur polita egin zidaten, eta etorrerakoan ere uste gabeko harrera, dantzekin eta bertsoekin. Oso eskertuta nago. Txapelarik gabe etorri gara, baina txapela handi bat lortu dugu».