Dantz Point egitasmoak musika elektronikoa ekarriko du Antiora eta Igartubeitira
Aurreneko edizioan Zeraingo meategietan egin zuten saioetako bat. Aurten, Zumarragako Antio baselizan eta Ezkioko Igartubeiti baserrian izango dira.
Herrietako ondarea eta musika elektronikoa uztartzen dituen Dantz Point egitasmoa bueltan da. Iaz egin zuten aurreneko edizioa eta Zeraingo Aizpeako meatze gunea izan zen hautatutako eskenatokietako bat. Aurten ere, jaialdiak Goierri bisitatuko du, eta ez behin, bi okasiotan baizik.
Guztira zazpi emanaldi egingo dituzte, eta horietako bi, Goierriko bi eraikin berezitan kokatuko dira: Zumarragako Antio baselizan, eta Ezkioko Igartubeiti baserrian. Horiekin batera, Arrasateko Gomestio baserria, Aretxabaletako Urkulu urtegia, Hernaniko Chillida-Leku dira hautatutako lekuetako batzuk; Eibarren eta Mutrikun ere saio bana egingo dute.
Momentuz Arrasaten izango den aurreneko saioaren data bakarrik jakinarazi dute. Asteazkenean izango da, 12:00etan, eta Divorce From New York proiektuaren zuzenekoa ikusi ahal izango da. Gainontzeko sei saioenak, data gerturatu ahala esango dituzte.
Streaming bidez
Aurreneko edizioan bezala, aurten ere publikorik gabeko saioak izango dira, eta streaming bidez soilik jarraitu ahal izango dira. Horretarako, DantzMusik-ek Youtuben duen kanalean, Facebooken edo Twich-eko kontuan sartu beharko da.