Montaik jaso du Beasaingo ekitaldietarako muntaketa kontratua
Udalak Montairi esleitu dio udalerrian antolatutako ekitaldietarako agertokien, karpen, aulkien, mahai tolesgarrien, tarimen eta antzeko elementuen muntaia eta desmuntaia
Beasaingo Udalak Montai produkzioari esleitu dio datozen hiru urteetan herrian egingo diren ekitaldietarako agertokien, karpen, aulkien, mahai tolesgarrien, tarimen eta antzeko elementuen muntaia eta desmuntaia. Beasaingo Udalak material nahikorik ez badu materialak alokatzeko aukera ere badu. Akordioak urtebeteko bi luzapen izan ditzake. EAJtak eta PSE-EEk alde bozkatu zuten. EH Bilduk, aurka.
“Kontratazio honen inguruan egiten dugun hausnarketa zera da: garai batean brigadari kendu zitzaizkiola lan hauek brigada indartu beharrean. Bere garaian ere ezezkoa bozkatu genuen”, arrazoitu zuen EH Bilduren jarrera Nerea Manzisidor bozeramaileak. Duela bi urte ekin zion udalak halako lanak enpresa pribatu batekin egiteari; Montaik izan dituen ustezko irregulartasunek ere “zalantzak” sortzen dizkiotela gaineratu zuen zinegotziak.
Leire Artola alkateak erantzun zion brigadak “maizago” eman dezakeela “berezkoa duten balio erantsi hori” langileak halako lanetatik askatuta, “hainbat urte sasoitan karpak eta eszenatokiak muntatzen eta desmuntatzen pasatzen baitzuten beraien lanaldiaren zati handiena”. Ustezko erregulartasunen inguruan Artolak azpimarratu zuen “aurrera jarraitzeko bide legal guztiak” dituela.
Aukera bakarra
Urte hasieran zabaldu zuten esleipenera aurkezteko epea. Bakarra aurkeztu da, Muntai produkzioa bera. Urtarrilean esandakoaren arabera, kontratuak 51.561,13 euroko balio du urteko. “Hau aurreikuspen bat da, administrazioaren behar izanen arabera izango baita azkenik ematen den prestazioa”, zehaztu zuen alkateak.