Udalak salerosketak sustatzeko bonuak jaulkiko ditu, hirugarrenez
Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean kaleratuko dira. 30 eurorekin 50 euroko erosketa egin ahalko da
Beasaingo Udalak merkataritza bultzatzeko bonu 7.500 bonu aterako ditu. Leire Artola alkatearen esanetan, bonuak “tokiko merkataritza sustatzeko oso baliagarriak dira”, eta datu batzuk eman zituen: “Iazko datuei erreparatuz, bi kanpainetan 200 establezimendu inguruk hartu zuten parte eta 500.000 eurotik gorako inpaktua utzi dute”. Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko Beasaingo txikizkako merkatariei, zerbitzu arduradunei eta ostalariei bideratutako hirugarren bonu sorta izango da.
Baldintzak aurrekoetako berdinak dira: bonu bakoitzaren balio 50 eurokoa izango da. Bezeroak 30 euro ordainduko ditu eta udalak, 20. Hau da, udalak %40aren ekarpena egingo luke. 150.000 euroko partida dute aurreikusita, “udalak egindako kudeaketa onari esker daukan gerakina baliatuz”; establezimendu bakoitzak 20 bonu izango ditu; bonuak uztailaren 15a baino lehen erabili beharko dira. Noiztik egongo diren erabilgarri “ikusteko” dagoela aitortu zuen Artolak. “Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean oinarriak publiko egiten diren momentutik erabilgarri egongo dira”, esan zuen. Udalbatzak oinarriak aho batez onartu zituen.