EH Bilduk kale garbiketa zerbitzua publifikatzeko eskatu du Zumarragan
Osoko bilkuran datozen urteetarako pleguak onartu dira eta EH Bilduk aurka bozkatu du. Pertsona gehiago kontratatzea eta jarraipen zorrotza egitea eskatu du
Azkeneko osoko bilkuran Zumarragako Udalak kale garbiketa zerbitzuaren pleguak onartu zituen. Kontratu berriak zortzi urteko iraupena izango du eta lehiaketa irabazten duen enpresak 5.771.215 euro jasoko ditu epe horretan Zumarragako kaleak garbitzearen truke.
Mikel Serrano alkateak hamar langileren baldintzak hobetuko direla eta urtero 200.000 euro gehiago gastatuko direla aipatu zuen. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak alde bozkatu zuten eta EH Bilduk aurka.
EH Bilduk prentsa ohar bat helarazi du. Bertan, plegu berriek ez dutela herritarrek merezi duten garbiketa zerbitzua bermatzen diote. «Denok dakigu herritarrentzat zerbitzu honek duen garrantzia. Horrela jaso genuen 2019ko azaroan auzoetan egindako bilera desberdinetan zein aldizkariarekin banatutako inkestetan. Hau horrela, garbiketa zerbitzuaren inguruko lanketa sakona egin dugu sindikatu, langile eta adituekin».
Lanketa horretatik ondorio bat atera dute: 2013tik garbiketa kudeatzen duen FCC-Serbitzuk ez dituela kontratuko baldintzak bete eta udalak beste alde batera begiratu duela. «Ez dira kontratuan jasotzen ziren garbiketa plangintzak zein langileekiko betebeharrak bete, baliabide eskasiarengatik. Langileek sekulako ahalegin egin behar izan dute beraien eguneroko jardunean, zerbitzua ahalik eta modu eraginkorrenean bete zedin».
Inbertsio eskasa
Kale garbiketan gutxi inbertitzen dela gehitu dute. «2020ko aurrekontuaren likidazioa aztertuta, garbiketaren gaiari ez zaiola lehentasunik ematen berresten da. Are larriagoa, gainera, pandemia garaian geundela kontuan izanik eta higieneak duen berebiziko garrantziarekin. Kale garbiketan aurrekontuan aurreikusi baino 16.667 euro gutxiago gastatu ziren eta orotara garbiketan 83.834 euro gutxiago. Bestalde, aldundiko Ogasuneko Udalgida estatistiken arabera, Zumarragako Udalak Gipuzkoako bataz bestetik behera gastatu du».
Plegu berriek aldaketa nabarmenik ez dutela jasotzen gehitu dute. «Ez dute garbiketa zerbitzua bermatzen. Zerbitzua azpikontratatzeak 8 urterako lotura dakar eta 2013tik hona jasotako emaitza ikusita, kudeaketa publikoa gauzatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu», azaldu dute.
Hori guztia dela eta, inbertsioa handitzea eta horrekin baliabideak gehitzea, zerbitzuaren jarraipenerako batzorde tekniko-politikoa eratzea eta zerbitzua munizipalizatzeko prozesua abiaraztea proposatu dute. «Horrela, langileen lan baldintzak hobetuko lirateke eta zerbitzuaren eraginkortasuna handitu», amaitu dute.