Ugartemendiko bidegurutzea biribilgunea izango da etorkizunean
Diputazioak gaur emango dio oniritzia; urte bukaerarako lanak hastea aurreikusten dute. Hiru hilabeteko iraupena izango dute. 327.000 euroko kostua izango du
Ugartemendiko bidegurutzea biribilgune bilakatuko da datorren urtean. Proiektuari Foru Aldundiaren Diputazio Kontseiluak gaur emango dio oniritzia; lizitazioa martxan jarriko da orduan eta urte bukaerarako lanak hastea aurreikusten dute; hiru hilabeteko iraupena izango dute. Lanek 327.000 euroko aurrekontua izango dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasunean hartuko du bere gain.
Proiektua ostiralean aurkeztu zuten Leire Artola Beasaingo alkateak eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak. Oiarbidek azaldu zuen biribilgunea ez dela «oso handia» izango: 28 metroko kanpo diametroa izango du eta eraztunetan mailakatuta egongo da. Azkeneko eraztuna zapalgarria izango da, tamaina handiko ibilgailuak gainetik pasa daitezen eta maniobratzeko erraztasunak izan ditzaten. Oinezkoentzako pasabideak ez dira aldatuko. Lanek dirauten bitartean trafikoa zabalik egongo da, baina afekzioak egongo direla ez zuen ezkutatu diputatuak. «Afekzioak beti egoten dira halako obretan, baina saiatuko gara ahalik eta gutxienak izan daitezen». N1 errepidearen adarra izanik, trafikoa handia jasaten duen zatia da: Beasaingo, Lazkao eta Ataungo sarrera-irteera da; inguruko industrialdeetarako joan-etorria handia da; eta Txindoki institutuko ikasleek eta langileek ere egunero igarotzen dute bidegurutzea. Egunero 9.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik, gutxi gorabehera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuek diotenez.
Artolak bidegurutzea «herriko puntu beltzetako bat» dela aitortu zuen. Aldaketarekin, trafikoa arintzeaz gain, auzotarren segurtasuna handituko dela esan zuen. «Aldaketa txikia izango da baina berebiziko onurak ekarriko ditu». Beasaingo Udalak «herri erosoagoa, atseginagoa, iraunkorragoa eta irisgarriagoa» lortzeko duen ardura berretsi zuen.













