Kalakan, Unidad Alavesa eta Gozategi, Lazkaoko agendan
Maiatzetik uztailera arteko kultur egitarau betea prestatu dute Lazkaon. Ostiralean 'herriko artista gazteak' ariko dira zuzenean. Ekainean eta uztailean talde entzutetsuak datoz.
Abuztuko etenaldiaren bitarteko kultura egitarauaren bizkarrezurra ondu du Lazkaoko Udalak. Musika eta antzerkia dira zutabe nagusiak, zinema emanaldiek hornituta.
Egitarauari lehengo ostiralean eman zioten hasiera, hainbat eragilek elkarlanean egindako Drindotsen omenezko musika joaldiarekin. Ostiral honetan da Herriko artista gazteak plazara eskaintzeko bigarren saioa, Arerian 19:00etan. Lazkao Txiki Musika Eskolako konbo taldeek, eta Laida Ruiz, Iker Gutierrez eta Eli Bujanda musikariek joko dute. Elkarrizketak ere egingo dizkiete artistei.
Kontzertu entzutetsuak iragarri ditu, bestetik, udalak. Kalakan hirukote lapurtarrak Pierre Sangla, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau ekainaren 18an joko du Lazkaon. Uztailean, berriz, Unidad Alavesa talde ataundarra (17an) eta Gozategi (23an) ariko dira. Horiez gain, Orkestrina Band Jazapan (uztailak 7), Ainhoa Larrañaga Goazen-eko aktore eta abeslaria (9) eta Cazahuates mariatxiak (14) ere izango dira Lazkaon.
Ikuskariak
Antzerkian, Losers antzezlana da entzutetsuena, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola goierritarrekin (uztailak 6). Larunbaterako jarrita zegoen Vulk&Arrotzak, berriz, atzeratu egin dute.
Zineman, Laburbirako film labur sorta ikusi ahalko da, datorren astean.