Josu Maroto eta masalaren arimarekin egositako proiektua
Artista urretxuarrak Pakistanera egindako bidaian jasotako irudiz osatu dituen liburua eta erakusketa aurkeztuko ditu etzi, Urretxun. Proiektuaren muinean dagoen Omar izango du ondoan.
Josu Marotok familiarekin 2019ko abenduan Pakistanera egindako bidaiaren ondotik sortutako Masala Soul Project egitasmoak pauso berria emango du aste honetan. Etzi, maiatzak14, izen bereko liburua eta erakusketa aurkeztu eta irekiko ditu artista urretxuarrak, jaioterrian. Liburuaren aurkezpena Labeaga aretoan izango da 19:00etan, eta erakusketa ondoren irekiko du, Juan de Lizarazu aretoan.
Muhammad Umair Omar pakistandarraren ezkontzara joateko bidaian Marotok ateratako argazkiak eta haietan oinarrituta egindako marrazkiak eta akuarelak dira Masala Soul Project egitasmoaren oinarria. Gehienak erretratuak dira, erakusketetan ikusgai jartzeko bokazioz sortuak.
Arteriaren bultzada
Baina hasieran erakusketa hutsa izan behar zuenak bultzada jaso zuen Arteria Fabrikak diruz laguntzeko aukeratu zuenean urte hasieran. Diru hura baliatuta, eta Juan de Lizarazurako hitzartuta zuen erakusketarekin batera atera behar zuen katalogorako dirua batuta, liburua osatu du. Emaitza 84 orriko argitalpena da, 21×21 formatokoa eta argazkiz, marrazkiz eta akuarelaz osatutakoa. 20 euroan jarriko du salgai, momentuz josumaroto.com webgunean.
Liburua aurkezteko Omarren laguntza izango du Marotok Labeagan. Alderdi artistikoari dagozkion azalpenak Marotoren esku egongo dira, baina Omarrekin batera proiektuak funtsean daraman aldarrikapena azaleratzeko asmoa du. Izan ere, Omar ezkondu zen, baina Pakistandik bakarrik itzuli zen, eta emaztea ezin izan du oraindik ekarri.