Plazapeko tabernaren, komunen eta dutxaren ustiapena, adjudikaziora
Beasaingo Udalak plazapeko tabernaren eta komunaren kudeaketa esleituko ditu. Pleguak onartu dituzte. Langileek euskarazko B2 maila izan beharko dute
Beasaingo Udalak plazapeko tabernaren eta komun eta dutxa publikoen ustiapena esleituko du. Baldintzak pasa den astean onartu zituzten, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin; PSE-EE abstenitu egin zen.
Sozialistek tabernako langileei eta kudeatzaileari eskatzen zaizkien hizkuntza eskakizunak ez dituzte argi ikusten: B2 maila egiaztatu beharko dute ahozko trebetasunean. Eva Alvarez sozialisten bozeramaileak hala azaldu zuen, gaztelaniaz. «B1ak ez al du bermatzen euskaraz hitz egiteko gaitasunik? Ez gara udal langileak kontratatzen ari. Tabernan lan egiteko ez da titulazio linguistikorik eskatzen». Langileek euskaraz jakin beharra dutela onartu zuen.
Leire Artola alkateak erantzun zion, «zerbitzuaren orientazioa ikusirik», hizkuntz-eskakizunak «garrantzia» duela, herritarrek eskubide «guztia» dutelako euren hizkuntzan artatuak izateko, «euskaraz zein gaztelaniaz». «B1, B2… hor hizkuntza politika sailak jarri behar du muga. B2a erabaki da oinarri juridikoa badagoelako eta pentsatzen dugulako denontzako hobe izango dela»; EH Bilduko Nerea Manzisidor bozeramaileak aitortu zuen «poztu» egin direla oinarri juridikoa topatu delako eta hizkuntz-eskakizuna baldintzetan txertatu delako.
Hizkuntzaren baldintza aldatuz joan da. Hasieran lehen hitza euskaraz egin beharko zela zioen pleguak; EH Bilduren eskariz, baldintza elkarrizketa bat mantentzeko gaitasuna izatera handitu zen udal batzordean; behin hizkuntz-eskakizuna babesten duen oinarri juridikoa topatuta, B2 ziurtagiria eskatuko du udalak.
Komunetan, aldaketa
Kontratua esleitzeko lehiaketan hamabost puntuko balioa izango du lokalaren, komunaren eta dutxaren baldintza higieniko-sanitarioak eta estetikoak hobetzeak. Izan ere, udalak «txukundu bat» eman nahi die. Komunei, bereziki. «Asko erabiltzen den komuna da. Joan-etorrian dabiltzan herritarrek ere erabiltzeko ohitura handia dute. Garbitasunari indar gehiago eman behar zaio», azaldu zuen Artolak. Halere, posible da komunak txukuntzeko intentziorik ez duen norbaitek jasotzea kontratua. Kasu honetan ardura udalaren esku geldituko litzatekeela aipatu zuen alkateak.
Esleituak, derrigor, larunbateko azoka bereziaren eta plazaren dinamizazioaren ardura hartuko du, «kokapenak horretarako bide ematen baitu». Urtean, gutxienez, hiru kultur jarduera eta larunbatetako azoka berezietan lau tailer programatzea eskatuko zaio, besteak beste.
Plazapeko ustiapena
ESKAINTZA
Zer. Plazape tabernaren ustiapena eta ondoko komun eta dutxa publikoen ustiapena.
Iraupena. Epea hiru urtekoa da. Urtebeteko hiru luzapen izateko aukera dago.
Zenbatekoa. Kontratuaren balio BEZik gabe gutxienez 14.220 eurotakoa izango da.BALDINTZAK
Prezioaz gain, ondorengoa baloratuko da:
15 puntu. Lokalaren, komunaren eta dutxaren baldintza higieniko-sanitarioak eta estetikoak hobetzea.
35 puntu. Dinamizazio kulturala eta azokaren dinamizazioa. Aniztasuna, adin ezberdinei zuzendutako programazioa eta ideia berritzaileak ere baloratuko dira.
Hizkuntza. Tabernaren zerbitzuaren prestazioari atxikitako langileek eta koordinatzaileak B2 maila egiaztatu beharko dute ahozko trebetasunean.