Udaberriko kulturaldiko hainbat ekintza egingo dituzte Zerainen maiatzean
Etzi, 'Bideak' dokumentala eskainiko dute. Lemniskataren 'Bizi ezkutua' erakusketa ikusgai dago. San Isidro eguna ospatuko dute larunbatean eta etxe guztietara oparia eramango dute
Udaberrian egin ohi duen bezala, aurten ere Zeraingo udaberriko kulturaldia antolatu du udalak. Maiatzaren amaiera arte, hainbat kultur ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, Zerainen bertan. Maiatzaren 3an egindako erakusketa irekierarekin ekin zioten kulturaldiari, eta maiatzaren 31n amaituko da, erakusketa horren itxierarekin batera.
Bizi ezkutua erakusketa da ikusgai jarri dutena eta hilaren amaiera arte bertan egongo dena. Kultur etxeko lehenengo solairuan dago. Goierriko Lemniskata Zientzia Sareak ekoitzitako erakusketa da, Iñaki Mezkitak egina, bailarako intsektuei eta zomorroei buruzkoa. Amaia Junquera alkateak azaldu duenez, zeraindarrak animatu dira kultur etxera joan eta erakusketaz gozatzera: «Ekintzetarako izena ere hainbatek eman dute dagoeneko». Erakusketaz bere osotasunean gozatzeko, halere, bisita gidatua izango da egilearen eskutik, hau da, Iñaki Mezkitaren eskutik, datorren asteazkenean, maiatzak 19. Plazan hasiko da, 19:00etan.
Etzi, berriz, maiatzak 14, Bideak dokumentala emango dute kultur etxean, 18:30ean. Artzaintza, natura eta kirola uztartzen ditu ikus-entzunezkoak. Xabier Unanua eta Aritz Ganboa de Miguel egileek hitzaldia eskainiko dute. Ostiralean San Isidro eguna ospatuko dute zeraindarrek, eta oparia ere jasoko dute: Ostatuko Aiert Izagirrek herriko artzainen arkumeekin prestatutako janaria banatuko dute etxe guztietara.
Kulturaldia amaitzeko, etxebizitza proiektu berritzaileen inguruko hitzaldia eskainiko du Ametsak sortzen elkarteak. Maiatzaren 28an izango da, 19:00etan, kultur etxean.
Etzirako izena eman
Maiatzaren 14ko, 19ko eta 28ko ekintza eta hitzaldietarako nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Udaletxean eman behar da izena, egun bereko 12:00ak baino lehen.