Segurako udalekuetan hezitzaile aritzeko deialdia luzatu du udalak
Segurako Udalak udaleku irekietan hezitzaile bezala lan egiteko deialdia luzatu du. Hiru baldintza ezarri dituzte hautagaientzat: 18 urtetik gorakoak izatea, Seguran erroldatuta egotea eta EGA edo HABEren 3. maila izatea edo euskara ezagutza eta erabilera maila altua izatea. Baldintza horiek betetzen dituzten hautagaien artean aukeraketa egiteko, hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea eta lan horretan aurretik aritu izana hartuko dira kontuan.
Kopurua beteko ez balitz, beste irizpide batzuk hartuko lirateke kontuan: hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketa egiten aritzea eta noizbait lan horretan aritu izana. Begiraleez gain, udalekuen koordinatzaile lanposturako izen ematea ere zabaldu dute. Baldintzak berdinak izango dira lanpostu horretarako. Bietarako curriculuma, titulu edo agirien kopiak, NANaren kopia eta osasun txartelaren kopia aurkeztu behar dute eskatzaileek maiatzaren 21a baino lehen, gazteriasegura@gmail.com helbidera idatzita.
Zegaman gaur azken eguna
Zegamako Udalak udaleku irekiak antolatu ditu udarako. Ekainaren 21etik uztailaren 30era izango dira, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Izena eman nahi dutenek gaur dute azken aukera, liburutegian, 16:30etik 19:30era.