Gurutz Deunaren 47. txirrindulari proba jokatuko da larunbatean Seguran
Javier Ormazabalen oroimenez antolatzen du Segurako Txirrindulari Elkarteak lasterketa. Jubenil mailako 200 bat txirrindularik parte hartuko dute. 81 kilometroko ibilbidea da
Asteburu honetan ere txirrindularitza izango da nagusi Segurako kaleetan. Aurreko igandean Euskaldun txapelketarako puntuagarria den Emakumeen Segurako Saria jokatu zen, eta larunbat honetan, berriz, 47. Gurutz Deunaren txirrindulari proba izango da. Javier Ormazabalen oroimenez antolatzen du proba Segurako Txirrindulari Elkarteak, Segurako Udalaren, Segura Irratiaren, Gurutze Gorriaren eta beste hainbat eragileren eta enpresaren laguntzarekin.
Jubenil mailako txirrindulariei zuzendutako lasterketa da, Euskadiko Txirrindulari Federazioko txapelketetatik kanpokoa. Hau da, ez da puntuagarria izango torneoetarako. Juan Mari Gereñu Segurako Txirrindulari Elkarteko kideak azaldu duenez, parte hartzea oparoa izango da: «200 parte hartzailetan ezartzen du muga federazioak eta izen ematea dagoeneko itxi dute». Lasterketa faltak eragina izan du inskripzioetan: «Inguruan asteburu honetan ia probarik ez dagoenez, askok Segurakoan eman dute izena».
81 kilometroko ibilbidea egingo dute ziklistek. 16:00etan irtengo dira Segurako arrabal ingurutik. Zegamako bidegurutzean itzulia eman eta Seguratik pasata Jilimoneko errotonda hartuko dute, bertatik Olaberriako zubira joateko. Beasaindik Ormaiztegira abiatuko dira, Lierniko gainara igotzeko. Mutiloatik Segurara itzuli eta beste bi aldiz egingo dute buelta hori. Azken itzulian Zerainera joango dira, eta bertatik Mutiloara. Ergoenetik Gabiriako bidegurutzea eskubira hartu eta Lierniko gainara igoko dira. Ondoren Mutiloako bidea hartu eta Seguran amaituko da proba. 18:01ean ezarri dute helmugaratzea, 40,5 km/h-ko abiaduran.
Sari banaketa
Koronabirusaren egoeragatik, prebentzio neurriak ezarriko ditu antolakuntzak. Txirrindulariei tenperatura neurtuko zaie eta sari banaketa aforo mugatuarekin egingo dute, Kultur Etxean. Irabazleak jasoko duen garaikurraz gain, mendiko eta taldekako garaikurrak ere banatuko dituzte. Hilaren 30ean beste proba bat izango da Seguran: kadete mailako Segurako Saria.