Ander Zubillagak irabazi du egutegiko apirileko lehiaketa
Ander Zubillagak irabazi du Legazpiko Udalak kaleratutako egutegiko apirileko lehiaketa, eta Javier Iraeta zinegotziaren eskutik jaso du saria, herriko tabernetan edo jatetxeetan erabiltzeko 50 euroko bonua. Asmakizunak dira udalaren egutegiko lehiaketaren ardatza aurten, eta hil bakoitzarekin batera bat kaleratzen du; asmatzen dutenen artean, 50 euroko bonua zozkatzen du.
Apirileko asmakizuna «Zer dela eta zer dela, kenduaz hazi eta handitzen dena» zen, eta erantzuna, zuloa. Hilabete honetan 185 erantzun jaso dituzte, eta horietatik 178k erantzun zuzena eman dute.
Maiatzeko asmakizuna
Egutegiaren maiatzeko orrian ere badago beste asmakizun bat, eta horrela dio: «Erleak bi ditu, liztorrak bat ere ez, euliak bat darama,nik ez, eta zuk ere ez. Zer ote?». Asmakizuna Ricardo Vierbücherren argazki batez lagunduta dago. Erantzunak udalaren webguneren bidez eman daitezke, legazpi.eus, bertan dagoen formularioa beteta. Erantzun zuzena ematen dutenen artean, herrian gastatzeko 50 euroko beste bonu bat zozkatuko dute.