Arropa bildu, sistemaren biluztasuna azaleratzeko
Zaldibiako Gazte Asanbladak eta Etxekonekok elkarteak arropa bildu dute, behar gorrienean daudenei emateko. Karitate-ekintza soiletik aurrerago, ezkutuan geratzen den errealitatea bistarazi nahi dute.
Zaldibian ere errealitatea anitza da. Irudi batekin laburbildu dute gazte asanbladakoek: «Askotan, iruditzen zaigu herriko egoera kalean poteoan ikusten duguna dela soilik». Premia larrian, txirotasunaren erpinetan eta gizarteak baztertuta bizi direnak ere badirela sumatuta, ekimen bat abiarazi dute, egoera beltz horiek ere kaleak ezagutu ditzan. Arropa Bankua izan da emaitza bat, baina azken helburua ez dela hori argitu dute.
Iazko irailean hasi zuten gogoeta. «Kurtso hasieran azterketa bat egin genuen, azkenaldian Zaldibian eta Goierrin jendea zer baldintzatan bizi den, arropa zenbatek behar zuen, zer premia zituzten jakiteko. Guk uste baino jende gehiago dela ikusi genuen», azaldu du gazte asanbladako kide Maide Garmendiak.
Gabezia bat arroparena zela atzemanda, lehenengo lana horri erantzutea egin dute. Bi asteburutan zaldibiarren eskuzabaltasunari dei egin, eta bilketa egin dute. Etxekonekok taldeak eta Lardizabal herri eskolak lagundu diete gazteei.
Arropa mordoa jaso dute, herritarrek txukun-txukun sailkatua eta garbitua. «Gaztetxea goraino beteta daukagu». Herritarren erantzun «oso ona» izan dela, eta eskertu egin dute.
Ekainaren hasiera aldera, beharra dutenei banatuko diete arropa. Soberakinekin zer egin ez dute erabaki oraindik.
«Pobreziaren espresio bat»
Baina, behin berriro, helburua ez dela arropa biltzea azaldu dute. «Arazoa ez da hor bukatzen, eta helburua ez da jendeari arropa ematea. Ez da karitate-ekintza bat. Pobreziaren espresio bat besterik ez da hori. Hor azaleratzen dena sistema kapitalistak uzten duen errealitate gordina da. Helburua eta lanketa sakonagoak dira».
Arropa Bankua deitu dute ekimena. Zaldibian ideiatua da, eta bertarako pentsatua. Ez dute halako beste ekimenekin hartu-eman biderik ireki. Ikasturte honekin bukatuko dute. Aurrerantzean zer egin edo zeri heldu, hurrengo asteotan erabakiko dute, datorren irailari begira.
Bien bitartean, laguntza bat biltzeaz eta beren indarren araberako «elkartasun keinua» egiteaz gain, Zaldibiako beste talde batzuekin harremanak landu eta elkarlanean jardun dira, eta aktibo garrantzitsu jo dute gazte asanbladakoek hori ere.
«Boluntario sare bat osatu dugu. Jende askorengana iristeko balio izan digu, bestela gaztetxetik iristen ez direnengana». Behar larrian daudenengana iristea ere «asko» kostatzen dela aitortu dute. Ahoz aho eta aurrez aurre inguratuko dira orain.
Jendea arropaz janzteaz gain, errealitate gordina biluztu dute.