Hemengo marrubia eta tomatea
Muga zabaltzeak eragin nabarmena izan du Ordiziako azokan. Aspaldiko partez jendea dezente ikusi da azokako postuetan, asko landare erostera joanda propio.
Ia hasita dagoen udaberri- udako fruta eta barazki emaria geroz eta oparoagoa izango dugu hemendik aurrera. Noski, aldea markatuko dute negutegikoek edota aire librekoek. Tomatearen kasuan esate baterako nabarmen. Negutegian otsailean landatu eta atzo ia etxeko lehen tomateak saltzera etorri zen Azkoitiko Joxe Mari Uzin Gonzalez (4,5 euroan kiloa). Aldiz, aire librean oraintxe da aldatzen hasteko garaia. Atzo landare postuak horren erakusgarri. Ilarak sortu ziren goiz goizetik propio landareak erostera jende asko etorri baitzen.
Marrubia lehen fruta berria
Hasi da marrubiaren denboraldia. Arantxa Zurutuzak zuen lehen kiloa joan zen astean, atzo bi kilo pasatxo. Aire librekoa Aramako Goiko Etxeberri baserrikoa. Bati baino gehiagori harrigarria egingo zaion arren, orain da marrubi garaia hemen. Fruta denda eta salerosketa postuetan azaro-abendutik aurrera salgai izaten da marrubia, oraintxe arte. Marokotik ekarri ohi dute lehenbizikoa, gero laster penintsula hegoaldetik. Hura jateko ohitura erabat sartua bada ere, garaian garaikoa eta hemengoa nahi duenak orain eros dezake. Besteak baino garestixeagoa bada ere (8 euroan kiloa), gustuan eta ekoizteko moduan ikaragarrizko aldea da, jalearen abantailarako. Bakoitzaren neurgailuan da gakoa. Bai joan zen astekoak eta baita atzokoak ere aurrez enkargatuak zituen. Nahi duena beraz erne ibili dadila eta aste batetik bestera galdetzea onena. Postu berean lehen peonia eta txinatar krabelin sortak salgai, 5 euroan.
Ikasle taldeen bizitasuna
Salmentei eusteko nahikoa ez bada ere, ikasle taldeak etortzen hasi dira pixkanaka-pixkanaka. Asko estimatzen den bizitasuna ematen diote feriari. Urnietako Egape Ikastetxo talde ezberdinak ibili dira aste hauetan, atzo Donostiako Katalina Erauso ikastetxekoak eta datorren astean Maizpidekoak etortzekoak dira, beti ere D’elikatuz zentrokoen gidaripean.
Bestalde, erosleen etorrera sustatzeko helburuarekin bezeroen artean barazkiz betetako poltsen eta erosketa orgatxoen zozketak ekaina arte segituko dute.