Herriartekoan Ataunen txanda iritsi da, eta Olaberria final atarian da
Ataunek Adunaren aurka ekingo dio Herriartekoari, final zortzirenetan. Bihar arratsaldean izango dira partidak, Adunan. Olaberria finalaurrekoetarako sailkatu da.
Herriarteko txapelketan hasteko falta den Goierriko laugarren herria, Ataun, asteburuan sartuko da esku huskako lehiaketan, Adunaren aurka. Final zortzirenetako joaneko jardunaldia Adunan jokatuko dute, bihar 18:00etan hasita. Kadeteak, jubenilak eta seniorrak ariko dira hiru partidatan, binaka.
Hamabi pilotariko taldea osatu du Ataunek, Iraitz Zubizarreta, Eneko Imaz, Josu Munduate eta Iñigo Alzuaren esanetara. Halako herri txikian «izugarrizko ahalegina» suposatu arren hiru kategorietan taldeak osatzea, lortu dute, beste behin.
Olaberria sailkatu da
Palan, Olaberria finalaurrekoetan da. Asteburuan herrian 2-0 irabazi zion Oiartzuni, eta kanporaketan jokatutako lau neurketak irabazita, Errenteria izango du orain aurkari. Joaneko jardunaldia Olaberrian da, larunbatean 11:00etan.
Ordizia kanpoan da. Donostiak 7 tantoko aldeagatik utzi du bazterrean. Joanekoa bezala, itzulikoa Altzan bana bukatu zen. Zumarraga ere kanporatu egin du Soraluzek (4-2), gomaz.