Loinatz jaien ordez, ardura
«‘Ez-jairik’ ez dago», diote udaleko ordezkari politikoek. «Arduraz», «konpromisoz» eta «gizalegez jokatzeko eskatu dute
Beasaingo Udala osatzen duten hiru alderdi politikoek, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, beasaindarrei «zentzuz, arduraz, konpromisoz eta gizalegez» jokatzeko eskatu diete elkarrekin ateratako idatzi batean. «Guregatik eta gure inguruan daudenengatik, gehien maite ditugunengatik. Gaixotasunak erakusten digu ahulenak ez ezik, edonor eraman dezakela».
Marik herrira jaitsi beharko luke gaur; berarekin jai giroa ekarriko luke, eta Loinatz jaiek eztanda egingo zuketen. Baina Mari ez da jaitsiko. Beasain festarik gabe geldituko da beste urte batez. Badira bi, jada. «Iritsiko da festa, dantza eta musikaz disfrutatzeko aukera», diote udal agintariek. «Izango dugu aukera Mariren jaitsieran, danborradan, koadrilen egunean, mozorroen egunean edo barraketan gozatzeko».
«Ez-jairik ez dago», azpimarratu dute. «Hortaz jabetzea herritar, ostalari, merkatari, elkarte, herri-eragile… bakoitzak bere eremuan, guztion erantzukizuna da». Udalak bere eskumenekoak diren baliabideak martxan jarriko dituela iragarri du, hala, «neurriak bete daitezen»: Udaltzaingoaren ordutegia luzatu egingo da eta Ertzaintzarekin elkarlanean arituko dira; agintarien sokadantzarik ere ez da egingo, hasiera batean iragarrita zegoen arren. Astelehenean umeen eta helduen sokadantzak egingo dira, Gernika pasealekuko frontoian. Eremua hesitu dute eta edukiera mugatua izango da. Gonbidapenak hartu behar dira aldez aurretik, udal liburutegian. Dantzak ere egokitu egin dituzte eta ez dute bikoterik aterako dantzara.
Baikortasun mezua
Guztien hobe beharrez hartutako erabakia dela nabarmendu dute, epe luzera onuragarria izango delako. «Hurrengoan behar den moduan Loinatz jaiak ospatzeko moduan izan gaitezen. Guztion ardura da, norberarengandik hasiz erantzunkizun hori hartuz. Denon artean gaindituko dugu», diote. «Alarma egoera bukatzeak ez du pandemiaren eragina baretu. Egoera larria da oraindik eta pertsonak kutsatzen jarraitzen dute, gaixotzen, hiltzen… Txertatze kanpaina aurrera doan arren gaixotasunaren kaltea ez da desagertu».
Beasaingo txoko eta bazterrak txukun mantetzeko eta jendarteak saiesteko ere eskatu dute. Halaber, hartu beharreko segurtasun neurriak gogorarazi dituzte: maskara egoki jantzi, distantzia mantendu eta eskuak maiz garbitu.