Oiangu parkeko barbakoa eremuak berritzeko lanak hasi ditu Ordiziako Udalak
Lehendik zeuden hiru barbakoa gune dira berritzen hasi direnak eta udal langileak ari dira lan horretan. Azpiegiturak arduraz erabiltzeko eskaera egin die udalak bertaratzen diren guztiei
Ordiziako Udalak Oiangu parkeko barbakoa guneak berritzeko lanean ari da. Oiangu parkea arnasgunea da ordiziarrentzat eta inguruko udalerrietako herritarrentzat; «Oiangu gure altxor nagusienetakoa da, ingurumenaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen diguna. Horren harira, eguraldi onarekin batera ordiziar ugari izaten dira bertara igotzen direnak, eta barbakoak egiten dituztenak ere bai», azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.
Bide horretan, lehendik zeuden hiru barbakoa gune berritzen hasi dira udal langileak. «Oraingoak askoz ere sendoagoak dira, eta asko erabilita ere, ez dira horren erraz hondatzen», gehitu du Alvarezek. Gainera, barbakoa bakoitzak bi aldetan izango du erabilgarritasuna, eta ondoan dagoen espazioa, mahai moduan erabili daiteke. Beheko aldeak, berriz, ikatza gordetzeko balioko du.
Bestalde, Ordiziako Udalak eskatu du, azpiegitura hauen erabilera egokia egitea beharrezkoa dela, eta zaborra behar den edukiontzira botatzea ere bai. Hau da, arduraz jokatzeko.