Udalak jasangarritasun batzordea eratzeko oinarriak zehaztu ditu
Beasaingo Udalak jasangarritasun energetikoko batzordea eratzeko lehen urratsa eman du. Udalbatzak batzordearen araudiari hasierako onespena eman zion EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen.
Batzordearen helburua energiaren inguruan landuko diren herriko egoeraren azterketa sustatzea, energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea eta gaiarekin lotutako udalaren planen eta politiken jarraipena egitea eta hauen eragina aztertzea da. Udaleko ordezkari politikoek eta teknikoek, langile ordezkariek, Beasaingo enpresetako eta elkarteetako ordezkariek eta energiaren inguruan ikasketak edo lanpostua duten herritarrek osatuko dute batzordea.
EH Bilduk dio aditua izan beharrak herritarren parte hartzea mugatzen duela. Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko batzordeburuak erantzun zien garrantzitsua dela batzordean parte hartuko duen jendea jantzia izatea, proposamenak «ekarri eta aztertu» behar dituen mahaia delako. «Profilak oso teknikoa eta jakituna izan behar du gai hauetan», aipatu zuen. Halere, batzordean herritarren presentzia «gehigarri potente bat» izan behar dela onartu zuen.
Kopuru aldetik ere baldintzatua egongo da mahaia. Lau herritarrek izango dute tokia; beste horrenbeste enpresetako eta elkarteetako ordezkariek. Ugartemendiaren hitzetan, batzordea mugatu baino orekatu egingo da hala: «Ez diogu atea ixten bost edo sei herritar izateari, baina kontuan izanda lau elkarte edo lau enpresa gonbidatuko direla, iruditzen zaigu lantaldeari balantza bat ematen diola». Lan-talde txikiagoa izanda funtzionamendua eraginkorragoa izango dela ere aipatu zuten. Batzordea urtean lau aldiz elkartuko da, gutxienez.













