Beasain fasean aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu da
Beasainek 0 eta 1 galdu zuen atzo San Inazioren aurkako partida. Igoera fasean aurrera jarraitzeko aukerarik gabe gelditu dira ondorioz, hiru punturen faltan bigarren postua bost puntutara baitute. Beasainek hirugarren mailan jokatuko du 2021/2022 denboraldian, 20.na segidan.
Igoera fasean bizirik jarraitzeko aukerei eutsi nahi bazieten, San Inazioren aurkako atzeratutako partida irabazi beharra zuten. Hasi eta berehala jarri ziren markagailuan atzetik, ordea: Beasaingo atzelari guztiei bizkarra hartu zien San Inazioko aurrelariak eta Gelbentzu zorte apur batekin gainditu zuen buruz burukoan. Txuri-urdinak gasteiztarrak baino hobeak izan ziren arren, ez zuten golik lortu.
Asteazkenean jokatuko dute faseko seigarren azken partida, Anaitasunaren aurka, kanpoan.
Goierri Gorrik Sestao hartuko du bihar, 18:00etan. Hirugarren garaipena nahi dute jarraian, eta goiko postuetan egonkortu. Azken jardunaldian 0 eta 1 irabazi zuten Barakaldon eta jaitsiera postuak hiru puntutara urrundu zituzten eta Alaves liderrarengandik hiru puntutara jarri ziren, partida bat gutxiagorekin.
BKLren udalekuak
Arri BKLk Ordiziaren aurkako derbia izango du. Bihar neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan.
Klubak udako kanpusa egingo duela iragarri du aste honetan. Hiru txanda egingo dituzte: ekainaren 21etik 25era; ekainaren 28tik uztailaren 2ra; eta uztailaren 5etik 9ra. 2007 eta 2012ko haurrei zuzenduta dago. Ez dago klubeko kide izan beharrik kanpusean parte hartu ahal izateko.