Ezkiok eta Itsasok gastu partekatuak izango dituzte %26,74an
Aurrekontu bereiztuak izango badituzte ere, gastuen laurdena baino gehiago partekatua izango da, batez ere, herriko eraikinen mantenura bideratuta.
Ezkioko Udalak eta Itsasoko batzordeak aurrekontu bereiztuak izango dituzte aurten: partekatutako gastu eta sarrerak izango dituzte %26,74an, hau da, biztanleriaren proportzioan. Langileen soldatak, eskola, haurtzaindegia eta mediku etxearen mantenimendu gastuak eta inbertsioak, eta biltegiarekin lotutakoak izango dituzte amankomunean. Itsasorako aurreikusitako inbertsioak, berriz, lau proiektu nagusi izango dira: natur ondarearen proiektua, baserrietarako bideen konponketa, ganbarako areto balioanitzerako ekipamendua eta auzo udala sortzeko parte hartze prozesua.
Itsasoko batzordeak herri batzarra izan zuen maiatzaren 8an, eta bertan Ezkioko ordezkariekin adostutakoak azaldu zituzten. Aurrekontuez gain, auzo Udalaren inguruan emandako pausoak ere zabaldu dituzte. Maiatzaren 3an egin zuten bi herrietako ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera Itsason auzo udala sortzeko aukerari buruz. Izaera juridikoari dagokionez, aurrera egin litekeela ondorioztatu dute egindako azterketaren ondoren. Biztanleriaren baldintza, aldiz, Batzar Nagusietako alderdiekin landuko dute Foru Arauaren aldaketa adosteko. 6-8 hilabetean Foru Arauaren aldaketa onartzea eta auzo udala sortzeko espedientea eta galdeketa egin ahal izatea aurreikusi dute.