Intsektuek ere badute hotela
Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean sortu du intsektuen hotela. Helburua da, jendeak intsektuen garrantzia ezagutzea eta haiekiko zaletasuna sortzea
Intsektuentzako Eskaralimania hotela zabalik dago, Ordiziako Oiangu parkean. Proiektu honen helburua kakalardoak, armiarmak, tximeletak eta sorgin-orratzak bertan instalatzea da, eta bide batez, intsektuen arloan trebatzea herritarrak. Ekimena Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ordiziako Udalak elkarlanean egin dute.
Eskaralimania intsektuentzako hotelaren proiektu honen arduradun nagusia Beatriz Diaz izan da. Aranzadi zientzia elkarteko ikertzailea da Diaz, tomologia departamentuan. «Eskaralimania izena, hitz joko bat da; hotel honek bilduko dituen intsektu desberdinei egiten die erreferentzia, eta bestalde, jendearengan zaletasun bat sortu nahi horri keinu bat ere bada», hasi da kontatzen Diaz bera. «Oso garrantzitsua da jendeak intsektuen balioa norainokoa den eta zein funtzio duten ezagutzea», gehitu du. Horrelako ekintzekin «herritarrak intsektuen mundu honetara gerturatzea bilatzen dugu».
Hotela betetzea
Egurrezko etxetxo baten itxura du hotelak, eta barruan, hainbat gelatxo ditu. Oianguko sagastian dago kokatuta eta edonor gerturatu daiteke bertaraino. «Momentuz hutsik dago, gelatxo bakoitza elementu desberdinekin bete beharko da, intsektuak etor daitezen eta bertan gera daitezen», argitu du Diazek.
Horretarako, datorren maiatzaren 22an, Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Egunean, hotelak intsektuak erakartzeko beharrezko material guztiak gerturatu eta jarriko dituzte, «makiltxoak, hostoak, enbor zatiak,… birziklatutako materialak izango dira».
Herritarrek ere parte hartu ahalko dute ekintza horretan. Izen ematea hurrengo egunetan zabalduko dute.
Eguneko bitxikeriak
Intsektuen hotelaren inaugurazioaren aitzakian Oiangura egindako bisitak, hainbat bitxikeria utzi ditu. Izan ere, egun argitan ikustea batere ohikoa ez den sitsa agertu da Oianguko Txiringitoaren ondoan. Aranzadi zientzia elkarteko kideak bertan zeudela aprobetxatuz, intsektu ikusgarri horren inguruko xehetasunak eman dituzte: «Bere izen zientifikoa, Saturnia Pyri da eta Europan aurki daitekeen sitsa handiena da». Oiangun ikusi ahal izan zenak, 10 zentimetro inguruko zabalera zuen, eta Aranzadiko kideek esandakoaren arabera, 20 zentimetrokoak ere ikusi dituzte. «Ez da ohikoa horrelako sitsa ikustea gauez bizi direlako, egunez ezkutuan egoten dira».
Beste bitxikeria bat ere izan zen; Txiringitoaren estalpean, liztor asiatikoaren kabi primario bat agertu baitzen. Segituan deitu zuten Babes Zibilera kabia ken zezaten.