Kike Bigurik barre egiteko gonbita egin die herritarrei
Kike Biguri beasaindarrak eta Luis Zahera galizarrak bakarrizketa saio bana egingo dute bihar, Usurbe Antzokian. Etxean aritzea «berezia» dela dio.
Kike Biguri bakarrizketariak saioa eskainiko du bihar, 19:30ean, Usurbe Antzokian. Luis Zaherarekin batera arituko da, Chungo ikuskizunean. «Ordu laurdeneko bakarrizketa bat egingo dut, sarrera modura. Gero Zaheraren txanda izango da, ordubete inguruko bakarrizketarekin», azaldu du Bigurik.
Etxean jardungo duela-eta, gustura dago. «Beti da berezia», aitortu du. «Ondo pasatzera igoko gara oholtzara, gozatzera», gaineratu du.
Bakarrizketa moldatu beharra izan du, laburtu egin du. Muina, ordea, lehengokoa da. «Gainera, areto bakoitzean bakarrizketa apur bat aldatu egiten dut, ez da sekula bera izaten», azaldu du.
Egungo egoerari keinuren bat egingo dion arren, aitortu du nahiago duela COVID-19aren gaia apur bat alboratu. «Ondo pasatzea eta barre egitea behar dugu. Garai gogorrak dira eta dibertitu behar dugu».
Sarrerak Usurbe antzokiko leihatilatik edo Kutxabankeko webgunetik eskuratu daitezke.